Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Bizkaiko zahar-etxeetako langileak, berriro greban
Harik eta patronalak eta Aldundiak euren aldarrikapenak kontuan hartu arte, ez dutela amore emango eta mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko zahar-etxeetako langileak ziur daude euren gatazka konpontzeke egotearen arrazoi nagusia protagonistak emakumeak izatea dela. Horregatik, martxoaren 8a, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna, aukeratu dute berriro borrokan hasteko. Lau asteko grebari ekin diote gaur, ELA sindikatuak deituta.
Lan-baldintzak hobetzea eskatzen dute; ordu gutxiago lan egitea eta soldata handiagoa jasotzea, besteak beste. Otsail osoan greban egon ostean, patronalak euren eskari bakar bat ere ez duela kontuan hartu salatu dute. Hori dela eta, hilabete bateko geldialdia abiatu dute, lan-hitzarmen berri baten defentsan.
Manifestazioa deitu dute gaurko, Bilbon. Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren atarian amaituko dute protesta, eta, bertan, emakume langileen borrokaren aldeko ekintza egingo dute, ELAk jakitera eman duenez. Gatazkaren aurrean Aldundia erakusten den jarrera salatu dute langileek, zahar-etxeetako langileen "lan-baldintzak hobetzeko urratsik ez" duelako eman.
Lanaldia 1.592 ordura murriztea, sektoreko langileek 1.200 euroko gutxieneko soldata jasotzea eta langile eta gaixoen arteko ratioak hobetzea dira langileen eskari nagusiak.