Ekonomia -

ABIADURA HANDIKO TRENA

AHTra diru gehiago bideratzeko prest agertu da Eusko Jaurlaritza

Arantxa Tapiak azaldu duenez, obra berriak egiteko Sustapen Ministerioarekin akordioa itxiz gero, inbertsioa handitzeko aukera legoke.

Arantxa Tapia, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EFE.
Arantxa Tapia, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EFE.
Jaurlaritzak AHTren Arabako eta Bizkaiko obren eskumena eskatu du

1:42

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiadura Handiko Trena (AHT) egiteko lanetara diru gehiago bideratzeko prest agertu da gaur Eusko Jaurlaritza, lan berriak bultzatzeko Espainiako Gobernuarekin akordioak adostuz gero. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eman du asmo horren berri, goizean, Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Tapiaren hitzetan, horren eragina 2018ko aurrekontuetan jasoko litzateke.

Abiadura Handiko Trenak hiriburuetan izango dituen behin betiko sarbideen inguruan Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak akordio politikoa lortu eta biharamunean egin ditu adierazpenok sailburuak.

Horren departamentuak 2017rako prestatu dituen aurrekontuak azaldu ditu gaur Tapiak Gasteizko Ganberan. Aurten, 1.042 milioi euroko aurrekontua izango du Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, eta kopuru horretatik 350 milioi bideratu nahi ditu Jaurlaritzak AHTaren Gipuzkoako zatira.

Espainiako Gobernuarekin adostutakoaren arabera, Gipuzkoako zatia finantzatzeko dirua Jaurlaritzak aurreratuko du, eta, ondoren, Kupoaren bidez berreskuratuko du diru hori. Bizkaiko eta Arabako lanak, berriz, Sustapen Ministerioak kudeatuko ditu zuzenean.

Sailburuaren hitzetan, Abiadura Handiko Trena egiteko "Gipuzkoan egingo diren lan guztiak" ordainduko dira aurreikusitako 350 milioi horiekin.

Gipuzkoan egingo duen moduan, Arabako eta Bizkaiko lanak ere bere gain hartu nahiko lituzke Jaurlaritzak, baina Tapiak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak ez du onartu proposamen hori. Halere, Gasteizko Gobernuak lanean jarraituko duela gaineratu du, mahai gainean jarri duten egitasmoak aurrera egin dezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra bideoak Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Albisteak Gaur Albisteak AHT Euskadi