Ekonomia -
AURREKONTUAK 2017
Urkullu: 'Lehiakortasunaren aurrekontuak dira'
Lehendakariaren hitzetan, industria alorrean 'egonkortasuna eta kalitatezko enplegua' lortzea dira atzo Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuen lehentasunak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) Aurrekontu Orokorren proiektua "errealista eta zorrotza" dela esan du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta "lehiakortasunaren aurrekontuak" direla ziurtatu du. Horren iritzian, "elkarlanerako zabalik" dago proposamena. Euskadiren garapen jasangarria da helburua, Urkulluren hitzetan. Zamudioko Matrici kooperatibara goizean egindako bisitan egin ditu adierazpenok lehendakariak. "Lehen aldiz, 11.000 milioi euroren langa gainditzen duten aurrekontuak ditugu", esan du.
Proposamen honekin, Osasunera, Hezkuntzara eta Babes Sozialera "inoiz baino diru gehiago" bideratuta, Jaurlaritzak hartutako konpromisoa bete duela esan du Urkulluk. Horrez gain, alor ekonomikoan egindako proposamena ere nabarmendu du, "ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea lehenetsiko" direlako. "Egonkortasun ekonomikoa eta Euskadiren hazkundea bermatuko dituen aurrekontuak aurkeztuko ditugu", azaldu du.
Euskadi garatzeko, industria "giltzarria" dela adierazi du. Horregatik, Jaurlaritzak industria alorreko inbertsioetara 1.239 milioi bideratu nahi dituela azpimarratu du. Berrikuntzara bideratutako diru-kopurua ere, % 6 handituko dutela eta gazteen enplegua sustatzeko plan berezia abiatuko dutela iragarri du.