Ekonomia -
Ostiral honetatik aurrera
ACBk lan-sistema berria abiatuko du gaur, ekoizpena bikoizteko asmoz
Langileek, bere aldetik, lanuzteak egingo dituzte martxoaren 4tik aurrera.
Agentziak | Erredakzioa
Sestaoko ACB lantegiak lan egiteko sistema berria jarriko du ostiral honetan altzairuaren ekoizpena bikoizteko asmoz, hots, 15.000 tona ekoitzi beharrean hilero 30.000 tona ekoizteko, aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientearen eraginpean dauden 40 langile hartuta.
ArcelorMittal enpresako iturriek EFEri jakinarazi diotenez, lan-sistema berri horrekin 12 orduko txandatan ekoitziko dute asteburu guztietan; aste barruan, berriz, sei orduko txandak egingo dituzte, gaueko hamabietatik eguerdiko hamabietara.
Altzairugintzako langileentzako txanda horiez gain, enpresak badu "egutegi zehatz bat" mantenu-lanetan jarduten diren beharginentzat: lanaldi zatituan arituko dira egunean zehar, eta gauetan zenbait lantalde egongo dira.
Lan-sistema eta egutegi berriarekin, ekoizpena bikoizteko asmoa dauka Sestaoko altzairutegiak; horrez gain, langileen kopurua areagotu egingo du, egun dauden 170 beharginei aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientearen eraginpean dauden beste 40 batuko baitzaizkie.
Enpresatik adierazitakoaren arabera, urteko bigarren hiruhilekoan aplikatuko dute sistema berria, eta ekaina bukatutakoan ebaluatuko dituzte horren emaitzak.
Martxotik aurrera, lanuzteak
Martxoaren 4tik aurrera lanuzteak egingo dituzte ACBko langileek, hala erabaki baitzuten astelehenean egindako bileran. Langile gehiago hartzea, 8 orduko lanaldiak berriz ezartzea eta lantegiaren etorkizuna berma dezaketen neurriak hartzea eskatzen diote ArcelorMittali.
Lanuzteak egiteko erabaki hori Bilboko Lan-arloko 4. Epaitegiak otsailaren 8an ezagutzera emandako ebazpenaren ondoren dator. Ebazpen horretan, epaitegiak baliorik gabe utzi zituen ArcelorMittal konpainiak eta Sestaoko ACB lantegiko enpresa-batzordeak fabrika hori berriro irekitzeko adostu zituzten lan-baldintzak. Hartara, bi aldeen arteko itunean bildutako neurriak baliogabetzeko eta horiek indarrean sartu aurretik langileek zituzten lan-baldintzak berriro ezartzeko agindua eman zuen epaileak.