Ekonomia -
Sestao
ArcelorMittalek ACBrako planari eutsiko dio, aurkako epaia egon arren
Sestaoko ACB lantegian 12 orduko lanaldiak ezartzea baliogabetu duen epaiaren kontrako helegitea jarriko du Indiako multinazionalak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ArcelorMittalek helegitea jarriko du Sestaoko ACB lantegiko "lan baldintzetan izandako funtsezko aldaketak" baliogabetu dituen epaiaren kontra. Zuzendaritzak eta ACBko enpresa batzordeak lantegia berriro irekitzeko lan baldintzak adostu zituzten, baina ELA eta LAB sindikatuek ez zuten akordioarekin bat egin eta epaitegietara jo zuten. Dena den, Indiako multinazionalak gaur egungo lan baldintzak mantentzeko eta hilaren 17tik aurrera ekoizpena bikoizteko planari eusteko asmoa agertu du.
Lan arloko Bilboko laugarren epaitegiak ELAk eta LABek aurkeztutako errekurtsoa onartu du, ACBko langileen lan baldintzetan izandako aldaketak baliogabetu ditu eta kaltetutako langileei baldintzak leheneratzera behartu du.
Ekainaren 14an egindako bozketan, hilean 12.000 tona ekoitziz eta asteburuetan bakarrik lan eginez Sestaoko lantegia berriro irekitzea onartu zuten langileek, eta irailean ekin zioten berriro lanari.
ArcelorMittalek erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko du, eta hilaren 17tik aurrera ekoizpena 15.000 tonatik 30.000 tonara igarotzeko eta 40 langile gehiago hartzeko asmoari eutsi dio.
Enpresak aurreko baldintzak leheneratzera behartzen duen epaia hizpide izan du. ArcelorMittaleko iturrien esanetan, lantegia geldirik zegoen eta langileak lan erregulazioko txosten baten pean zeuden.
Epaileak bere ebazpenean dio akordio horrek enpresari "eskumen osoa ematen" diola "lanaldiak, ordutegiak eta lan-egutegiak erabakitzeko, baita aldaketa funtzionalak egiteko ere".
Horrez gain, epaileak dio enpresak ez duela inolako frogarik aurkeztu, "neurri horiek justifikatzeko". Era berean, negoziazio prozedura egokia izan ez zela ondorioztatu du, kontsultak egiteko faserik izan zelako eta horrek enpresaren asmo ona zalantzan jartzen duelako.
Horregatik guztiagatik, bi aldeen arteko itunean bildutako neurriak baliogabetzeko eta horren aurreko lan-baldintzak berriro ezartzeko agindua eman du epaileak.