Ekonomia -

Osasun publikoa

Protestak egingo dituzte Osakidetzan, 'pribatizazioa'ren kontra

Otsailaren 21ean elkarretaratzea egingo dute sindikatuek, eta aldaketarik ezean, mobilizazioak gogortuko dituztela esan dute.

Osakidetzako sindikatuen ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan. EFE
Osakidetzaren sindikatuak. EFE
Osakidetzako sindikatuen ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK Osakidetza sindikatuek gaur iragarri dutenez, euskal osasun sistema publikoaren "pribatizazioa"ren aurka 2016an abiatutako mobilizazioak berhartuko dituzte otsailaren 21etik aurrera. Euren hitzetan, Osakidetzak "poltsiko pribatuak bete nahi ditu, guztion ongizatearen kaltetan".

Bilbon eskainitako prentsaurreko batean iragarri dituzte protestok. Salatu dutenez, Osakidetzaren "pribatizazioaren aldeko apustu estrategikoak urtero 350 milioi euroko gastua dakar, eta zerbitzuak pribatizatzearen aldeko erabaki bakoitzak gastu hori handituko du".

Sindikatuek jarrera aldatzeko galdegin diote Osakidetzari, eta lehengoan jarraitzen badu, mobilizazioak gogortuko dituztela ohartarazi dute: "Bere esku dago gatazka berri hau konpontzea".

Osakidetzaren "efizientzia ekonomikoa gezurra" da, sindikatuen hitzetan.

Zerbitzu gehiago "pribatizatzeko" asmoa

Langileen ordezkariek gogorarazi dutenez, "Osakidetzak hainbat akordio ditu izenpetuta, eta denetan espresuki debekatuta du zerbitzuak pribatizatzea edo hirugarren enpresa baten esku uztea". Sinatutakoa ez betetzea egotzi diote sindikatuek Osakidetzari, eta horren aurrean, hainbat galdera egin dizkiote: "Nola negoziatuko dugu onartutakoa ere betetzen ez denean? Zertarako sinatu akordiorik gero beteko ez badira?".

Sindikatuen esanetan, Urdulizko Ospitaleko garbitegi eta sukalde zerbitzuak pribatizatzeko asmoa du Osakidetzak, baita Lezako (Araba) erietxeko garbitegi zerbitzua eta Eibarkoaren hainbat zerbitzu ere.

Salatu dutenez, bereziki "eskandalagarria" da Tolosaldeko egoera: ez dago erietxe publikorik eta ospitale pribatu batek ematen du zerbitzua.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Eguneko albisteak Eguneko albisteak Sindikatuak Langile Komisioak UGT azken ordukoa ESK