Ekonomia -

I+G

ArcelorMittalek 10 milioi euro inbertituko ditu urtero Sestaoko ACBn

Halaber, irailaz geroztik Sestaoko ACB altzairutegiak bere helburu nagusia bete eta ez duela dirurik galdu jakinarazi dute.

Sestaoko ACB (Bizkaia). Argazkia: EiTB
Sestaoko ACB (Bizkaia). Argazkia: EiTB
Sestaoko ACB (Bizkaia). Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaz geroztik Sestaoko ACB altzairutegiak bere helburu nagusia bete eta ez duela dirurik galdu esan du astearte honetan Jose Manuel Arias Europako ArcelorMittaleko zuzendari exekutiboak. Halaber, ArcelorMittalek urtero hamar milioi euroko inbertsioa egingo duela iragarri du, ikerkuntza eta garapenera (I+Gra) bideratuta.

Astearte honetan, ArcelorMittalen ikerketa berrikuntza eta garapenerako instalazioa inauguratu dute Sestaon. Ekitaldi horretan Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua eta Arcelorreko buruzagiak izan dira.

Arcelorreko zuzendari exekutiboak nabarmendu duenez, “gaurkoa oso egun garrantzitsua da”, enpresak Sestaora eraman baitu Zamudion zuen I+G+B zentroa. 1998an Zamudioko Parke Teknologikoan jarri zuten martxan ikerkuntza eta garapenari bideratutako zentro hori.

Ildo horretatik, lekualdatze horrek Sestaoko ACB altzairutegiaren beharrei erantzuteko aukera paregabea suposatzen duela azpimarratu du Ariasek. Halaber, enpresaren helburu nagusia dirurik galdu gabe aurrera jarraitzea dela esan du Arcelorreko buruzagiak. Oraindik errentagarritasun handirik lortu ez duten arren, Ebitda positiboa lortu dute.

Halaber, sektoreko beste enpresa batzuetatik bereizteko lanean jarraitu behar dutela eta bestelako materialak erabili eta ekoiztu behar dituztela gaineratu du Ariasek. Gainera, Sestaoko ACB altzairutegiak ekoizten dituen produktuek kalitate ezin hobea dutela esan du.

Beste alde batetik, jardunari berriz ekin ziotenetik produkzioa gero eta handiagoa dela azaldu du. Hala, ekoizpenari dagokionez, hilean 12.000 tonatik 30.000 mila tonara pasatzeko asmoa dutela esan du.

Dena dela, ateak itxi aurretik ekoizten zuten kopurura bueltatzeko zenbat denbora falta den zehaztea zaila dela esan du. Ildo horretatik, faktore ezberdinak izan behar direla kontuan azaldu du: enpresaren eboluzioa eta bezeroen harrera, besteak beste.

Energia elektrikoaren kostuari dagokionez, egoera nabarmen zailtzen duela esan du Ariasek. Arrazoi horregatik, enplegua indartzeko eta gastua ahal den neurrian murrizteko, asteburuetan eta gauez lan egitea proposatu die zuzendaritzak langileei, argindarra merkeagoa baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Azken ordukoa Bizkaia EAE albisteak Lana albisteak Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Burdingintza