Ekonomia -
Prezioen gorakada
Elektrizitatearen prezioa bederatzi euro garestituko da urtarrilean
Handizkako Merkatua (Pool) sortu zenetik, inoizko prezio altuenera irits liteke energia elektrikoaren amaierako prezioa.
Agentziak | Erredakzioa
Handizkako Merkatuan (Pool) energia elektrikoak duen prezioak gorakada nabaria izango du urtarrilean, izan ere, 91,88 euro ordainduko da megawatt orduko (MWh) asteazken honetan. Hala, Handizkako Merkatua sortu zenetik inoizko prezio altuenera irits liteke energia elektrikoaren amaierako prezioa. Batez beste zortzi edo bederatzi euro gehiago ordaindu beharko dituzte hamabi milioi familiek.
Energia elektrikoaren amaierako prezioa nabari igo da azken asteotan, eta egunetik egunera aldea handiagotu besterik ez da egiten. Adituen arabera, arrazoiak bestelakoak dira: hotz boladak energia elektrikoaren eskaera handitu du, baina ez duenez euri eta haize nahikorik egin, ezin dute energia hidraulikoa ezta eolikoa ekoiztu (elektrizitatea sortzeko baliabide merkeenak dira). Gainera, nazioarteko merkatuetan gas naturalaren prezioa igo da, eta horrek ere nolabaiteko eragina izan du.
Hala, energia elektrikoaren amaierako prezioaren igoera “ezohikoa” dela diote ekoizleek, baina beste hilabete batzuetan prezioak askoz ere baxuagoak direla azpimarratu dute.
Hurrengo egunetako prezioei dagokionez, energia elektrikoaren prezioak gorantz jarraituko du. Dena dela, otsailetik aurrera gorakada txikiagoa izatea espero dute adituek, eta batez beste 61 euro ordainduko dira megawatt orduko (MWh).