Ekonomia -

Espainiako Gobernua

Zoru klausulak itzultzeko prozedura adostu dute PPk eta PSOEk

Auzitegietara joan gabe, zoru klausulengatik ordaindutako gehiegizko dirua berreskuratu ahal izango dute bezeroek. Bankuek prozeduraren berri eman beharko diete hipotekan zoru klausula izan dutenei.

Pedro Saura eta Margarita Robles sozialista, akordioaren berri ematen. EFE.
Pedro Saura eta Margarita Robles sozialista, akordioaren berri ematen. EFE.
Pedro Saura eta Margarita Robles sozialista, akordioaren berri ematen. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegietara jo beharrik gabe zoru klausulak itzultzeko prozedura adostu dute Espainiako Gobernuak eta PSOEk, gaur goizean egin duten bileran. Hala, zoru klausulengatik gehiegizko dirua ordaindu zuten bezeroek euren dirua berreskuratzeko aukera izango dute.

Espainiako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez, ondo bidean, Ministroen Kontseiluak ostiralean onartuko du ekimen berri hau jasoko duen lege dekretua, eta  bankuek, gehienez, hiru hilabeteko epea izango dute prozedura abian jartzeko.

Akordioaren arabera, bankuek prozeduraren berri eman beharko diete hipotekan zoru klausula izan dutenei, eta bezeroaren esku egongo da dirua eskatzea. Kasuak banan bana aztertu ondoren, bankuak dirua ez itzulteko erabakia hartuz gero, bezeroak auzitegietara jotzeko aukera ere izango du. Orotara, 1,5 milioi dira zoru klausulengatik behar baino diru gehiago ordaindu duten herritarrak.

Luis de Guindos Ekonomia ministroa Davosen da egunotan, han egiten ari diren Ekonomia Foroan parte hartzen. Horren esanetan, bezeroen eta bankuen arteko negoziazioa "arintzea" da Gobernu Zentralaren egitekoa auzi honetan.

Nobedade nagusiak

Hipotekan zoru klausula izan duten bezero guztiei gaur onartutako prozeduraren berri ematera behartzen ditu bankuak akordio berri honek. Hori da testuan jasotako nobedade nagusienetako bat. Behin bezeroa jakinaren gainean jarrita, negoziazio bide bat zabalduko da, dirua itzuli behar den edo ez erabakitzeko. Klausula "gehiegizkoa" edo "argitasun gutxikoa" izan den kasuetan bakarrik itzuliko da dirua.

Auzitegietara jo beharrik ez izatea. Hori da beste nobedade garrantzitsua. Bankuak behartuta egongo dira, bezeroak auzitegietara jo gabe ere, dirua itzultzera, hala dagokionean.

Bestalde, dirua itzultzen den kasuetan, zenbateko osoa aitortu beharko da errenta aitorpenean, baina ez da kenkaririk ezarriko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PSOE Alderdi Popularra Espainiako Gobernua albisteak Hipotekak berriak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitzen merkatua