Ekonomia -
Bizkaia
Ekoizpena bikoizteko proposatu du Sestaoko ACB altzairutegiak
Langileek erabaki hori onartuko balute, 35 lanpostu berri sortuko litezke eta asteburu guztietan lan egin beharko lukete.
Agentziak | Erredakzioa
Sestaoko ACB altzairutegiko ekoizpena bikoizteko proposamena aurkeztu die ArcelorMittaleko zuzendaritzak langileei, hilean 15.000 tonatik 33.000 mila tonara pasatzeko. Erabaki hori onartuko balute, 35 lanpostu sortuko litezke eta asteburu guztietan lan egin beharko lukete.
Dena den, zuzendaritzak langileen ordezkariekin eztabaidatu behar ditu aldaketa horiek. Hala, Sestaoko ArcelorMittaleko langile batzordeak beste neurri batzuk onartzeko eskatu dio zuzendaritzari, eta egutegian aldaketa batzuk egiteko proposatu dio. Era berean, gauez ere aritzea aztertu behar dute.
Langile batzordearen arabera, zuzendaritzak ekoizpena bikoizteko proposamena luzatu die, hilean 33.000 mila tona ekoizteko. Ondorioz, lan-txanda berriak antolatu beharko lirateke eta 12 ordukoak izan beharrean 8 ordukoak izango lirateke. Gainera, 35 bat langile berri hasi beharko lirateke lanean, kopuru horri ekoiztu ahal izateko.
Momentuz, zuzendaritzak ez du bere proposamenari buruzko xehetasunik eman, eta sindikatuekin akordio bat itxi arte ez du horren berri emango. Alabaina, langile batzordeak egindako proposamenak aztertuko dituela iragarri du.
Sestaoko ArcelorMittaleko langile batzordea ez dago konforme zuzendaritzak proposatzen dien egutegi berriarekin. Asteburuetan argindarra merkeagoa denez, asteburu guztietan lan egitea eskatu die zuzendaritzak. Halaber, aste barruan gauez jardutea aztertu behar dute.
Asteartean, urtarrilak 10, sindikatuetako ordezkariek eta zuzendaritzak akordio bat bilatzeko bigarren bilera egingo dute. Sestaoko ACB altzairutegiko langileen ordezkariek egutegi berria proposatuko diote zuzendaritzari, lana beste modu batean antolatzeko.