Ekonomia -
Lan gatazka
Bizkaiko zahar-etxeetako langileek mobilizazioekin jarraituko dute
Langileek lan-baldintza duinak eskatzen dituzte, baita lan karga arintzea ere. Aldarrikapen horiek errespetatu ezean mobilizazioei eutsiko diete.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko zahar-etxeetako langileek mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute astearte honetan, beren aldarrikapenak errespetatu ezean. Langileek lan-baldintza duinak eskatzen dituzte, baita lan karga arintzea ere. Langileek 70 egun daramatzate greban.
Akordioa sinatu arte manifestazioei eutsiko dietela iragarri dute langileen ordezkariek. Ildo horretatik, Julio Fonvellida ELAko ordezkariak gogora ekarri du 2016. urtea manifestazioekin bukatu zutela eta 2017a manifestazioekin hasi dutela. “Lan-baldintza duinak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko kalera atera gara”, azaldu du Fonvellidak.
Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak orain arte ez duela akordiorako asmorik salatu du ELAko ordezkariak. Bere esanetan, erakunde horretako ordezkariak ez dira Bizkaiko zahar-etxeetako langileekin harremanetan jarri, eta gaur egun bizi duten egoera jasanezina dela kritikatu du. Ildo horretatik, langileei eragiten dien gatazka ez ezik, zerbitzu horretako erabiltzaileei ere eragiten diela ziurtatu du, lan karga oso handia baita.
Ondorioz, mobilizazioekin jarraitzea aurrera egiteko bide bakarra dela azpimarratu du ELAko ordezkariak. Hala, Bizkaiko zahar-etxeetako langileen lan baldintza duinak bermatu nahi dituztenekin hitz egiteko eta akordioa lortzeko prest daudela adierazi du, herritarrei zerbitzu duina eskaintzeko betebeharra dutelako.
Greba ostiral honetan, urtarrilak 6, bukatuko dela gogorarazi ostean, aldarrikapenak errespetatu ezean Bizkaiko zahar-etxeetako langileak mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi du ELAko ordezkariak, lan gatazka konpontzeko akordioa sinatu arte.