Ekonomia -

EB-ko Auzitegiaren erabakia

Zoru klausuletako dirua osorik itzuli beharko dute banketxeek

Espainiako banketxeek 7.600 milioi euro arteko gainkostuak ordaindu beharko dituzte, Espainiako Bankuaren kalkuluen arabera.

Etxebizitzak
Etxebizitzak
Etxebizitzak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oso-osorik. Hipotekan zoru klausula zuten bezeroei kobratutako gainkostuaren zenbateko guztia itzuli beharko diete Espainiako banketxeek, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak gaur ebatzi duenez.

Espainiako Auzitegi Gorenak berak baliogabetu zituen zoru klausulak, baina 2013ko maiatzaren 9tik aurrerako gainkostuak bakarrik itzuli behar zirela ebatzi zuen. Europar Batasuneko Auzitegiaren ustez, ordea, atzeraeragin hori Europako legearen kontrakoa da, eta dirutza osorik (hipoteka izenpetu zen egunetik bertatik kobratutakoa) itzultzera behartu ditu banketxeak.

Euriborra jaisten hasi zenean, banketxeek gutxieneko interes bat ordainarazi zieten bezero batzuei. Hala, Euriborra jaitsita ere, interesak ordaintzen jarraitu behar zuten hipotekadunek. Kontsumitzaile askori, gainera, ez zieten horren berri eman, Gorenak bere epaian aitortu zuenez.

Atzeraeragina 'ez da nahikoa'

Luxenburgon egoitza duen auzitegiaren esanetan, Espainian ezarritako jurisprudentziaren kontrakoa da Europako legedia. Horren arabera, gehiegizkotzat jotako zoru klausula horiengatik ordaindutako gainkostua epaia eman zen datatik aurrera itzuli beharko zuten banketxeek, eta hala ebatzi zuen Gorenak.

EBko Justizia Auzitegiaren ustez, ordea, "klausula hori ezarri aurreko egoeran egon beharko luke kontsumitzaileak", eta, horrenbestez, diru guztia itzuli behar zaio.

Epaian argudiatu duenez, EBko Auzitegia da "atzeraeragina ezar lezakeen bakarra", eta Gorenak ebatzitako atzeraeragin hori "ez da nahikoa" kontsumitzaileen eskubideak berrezartzeko.

Cajasurren, BBVAren eta Popular Banketxearen kontrako hiru auziri erantzun die EBko Justizia Auzitegiak gaurko ebazpenean.

7.600 milioi euro arteko gainkostuak

Espainiako Bankuan egindako kalkuluen arabera, banketxeek itzuli beharko duten dirutza 7.600 milioi euro artekoa izan daiteke.

BBVAk aitortu zuenez, berak bakarrik 1.200 milioi itzuli beharko ditu. Caixabankek 750 milioiko gainkostua onartu zuen, eta Bankiak, 101 milioikoa.

 

Erabakia ezagutu eta gutxira, Burtsan kotizatzen duten Espainiako banketxeak % 11ko galerak izaten ari ziren (10:00etako kotizazioa).

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Hipotekak albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Etxebizitza albisteak