Ekonomia -
Valladoliden
Volkswagen zigortu dute Espainian lehen aldiz, motorrak trukatzeagatik
Erosle batek auto ekoizle alemaniarraren kontrako salaketa jarri zuen, iruzurra leporatuta. Orain, Volkswagenek 5.006 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Valladolideko lehen instantziako 12. auzitegiak Volkswagen zigortu du diesel motorrak trukatzeagatik. Espainiako auzitegiek auzi horregatik Volkswagen zigortzen duten lehen aldia da. Audi auto bat erosi zuen erabiltzaile batek auto ekoizle alemaniarraren kontrako salaketa jarri zuen eta orain Volkswagenek 5.006 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.
Epaileak arrazoia eman dio salaketa jarri zuen kaltetuari. Salatzaileak 2013ko maiatzean Audi Q5 modeloko auto bat erosi zuen 50.065 euroren truke Valladoliden, eta haren autoak emisioak faltsutzeko software sekretu bat zuen.
Erositako ibilgailuaren prezioaren % 10a ordaintzera zigortu du epaileak Volkswagen, 5.006,5 euro. Gainera, prozesuaren kostuak ere enpresak hartu beharko ditu bere gain.
Volkswagenek epaiaren aurkako helegitea jarriko duela iragarri du dagoeneko.
Manipulatutako motorren auziagatik Volkswagen Espainian zigortzen duten lehen aldia da; izan ere, aurreko bost epaietan epaileak konpainiari eman zion arrazoia.