Ekonomia -

2016rako datuak

EAEko ogasunek aurreikusitakoa baino 473 milioi gutxiago bilduko dute

13.025 milioi euroko diru-sarrera izango dute, nahiz eta 13.498 milioi batzea espero zuten 2016rako.

Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera. Argazkia: EiTB
Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera. Argazkia: EiTB
2016ko diru-sarrerak aztergai, Finantzen Euskal Kontseiluan

0:50

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko ogasunek 13.025 milioi euroko diru-sarrera izango dute aurten, aurreikusitakoa zegoena baino 473 milioi gutxiago. Hala adierazi dute Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek Herri-dirubideen Euskal Kontseiluaren bileran. Alabaina, erakunde horiek baztertu egin dute desfase horrek murrizketarik eragingo duenik politika publikoetan; izan ere, defizit-mugen malgutzeak "berdindu" egingo du zerga bidezko sarrera ez betetzea.

Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek eta Eudelek (Euskadiko Udalen Elkartea) osatzen dute Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua, eta Gasteizen bildu dira gaur. Bertan izan dira Ricardo Gatzagaetxebarria Ekonomia eta Ogasun sailburua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak (Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano, hurrenez hurren) eta Imanol Landa Eudelgo presidentea.

Bilera horretan zehaztu dutenez, 2017ra begira, erakunde horrek 13.498 milioi biltzea espero da. Kopuru horrek, defizit-mugen malgutzearekin batera,150 milioi euro gehiagoko gastu ahalmena ekarriko dio Eusko Jaurlaritzari, Gatzagaetxebarria jarduneko sailburuak azaldu duenaren arabera.

Herri-dirubideen Euskal Kontseiluak gaur zehaztu duenez, foru ogasunek urte honetan zerga bidez bilduko duten diru-sarrera 13.025 milioi eurokoa izango da. Horrek esan nahi du Euskadiko erakundeek plazaratutako aurrekontuetan ezarri zutena baino 473 milioi gutxiago bilduko dutela. Aurreko urteko diru-sarrerekin alderatuz gero, kopuru horrek % 3,3ko igoera ekarri du, baina ez da heltzen aurreikusitako % 7ko hazkundera.

Araban, igoera hori %3,1ekoa izango da (aurreikusitakoa baino 50 milioi gutxiago); Bizkaian, %3,4koa (327 milioi gutxiago), eta Gipuzkoan %3.3koa (96 milioi gutxiago).

"Ez da murrizketarik egongo"

Sailburuaren hitzetan, defizit-mugen malgutzearekin Eusko Jaurlaritzak 53 milioi gutxiago jasoko ditu, eta, bere iritziz, "erabat kudeagarria den kopurua da", politika publikoei eragingo ez diena.

Ildo beretik, Arabako ahaldun nagusiak esan du ez dela murrizketarik egongo lurralde horretan; Bizkaikoak adierazi du zerbitzu publikoak ez direla inola ere murriztuko, eta Gipuzkoakoak gaineratu du ez dela eragin zuzenik egongo "gizarte politikako eta sustapen ekonomikoko apustu handietan".

EH Bildu: "Arduragabekeria"

EH Bilduk ohartarazi duenez, foru ogasunen diru-sarreretan 473 milioi euroko desfasea egoteak "murrizketak ekarriko ditu", eta Eusko Jaurlaritzari eta aldundiei "arduragabekeria" leporatu die gora begirako aurreikuspena egin dutela "modu interesatuan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zerga politika gaur EUDEL