Ekonomia -
Diru-laguntza
Bilbok 4,6 milioi euro jasoko ditu Europatik 4.0 industria bultzatzeko
Ekimena beste 378 proposamenekin batera lehiatu da, eta Europar Batzordeak hogei besterik ez ditu hautatu.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batzordeak 4,6 milioi euroko diru-laguntza emango dio Bilboko Udalak zuzendutako proiektu bati, aipatu proiektuak 4.0 industria-sektorean tokiko enpresen lehiakortasuna sustatzen du.
Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Bilboko ekimena beste 378 proposamenekin batera lehiatu da, eta horietatik hogei besterik ez dira hautatu.
As Fabrik deitzen da laguntza jaso duen proiektua, eta guztira 5,8 milioi euroko aurrekontua dauka; zenbateko horretako % 80 (4,6) Europako Batzordeak onetsitako diru-laguntzarekin ordainduko da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez.
Partida horretako zati bat Zorrotzaurren dagoen eraikin publiko bat egokitzeko erabiliko da, proiektuaren erreferentziazko zentroa eta aurreikusitako jardueren elkargunea izango dena.
Proiektuarentzat aurreikusitako hiru urteko indarraldian zehar honako hauek egitea espero dute: Unibertsitateko ikasleei, pertsona ekintzaileei eta profesionalei zuzendutako prestakuntza-programak eta Bilbon egoitza duten start-up direlakoen merkaturatzea bultzatzeko eta errazteko proposamenak, 4.0 industriak nazioartean kokatzeko eskatzen duen ezagutzari, espezializazioari eta teknologiari lotutakoak.
Bilboko Udalak koordinatu eta gidatuko du proiektua, eta Mondragon Korporazioa (MIK, Mondragón Innovation & Knowledge), GAIA, Orkestra, EIKEN, IDOM eta Mondragon Unibertsitatea (Ingeniaritza eta Enpresa Fakultateak) arduratuko dira hura gauzatzeaz.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen esanetan, "berri ona" da, eta, gaineratu duenez, ekimen horrek "Bilbo Europako informazio- eta komunikazio-teknologia eta material berriak ekoizteko aplikazioaren, diseinuaren eta bikaintasunaren abangoardian kokatzen lagunduko digu".