Ekonomia -

NAFARROAKO GOBERNUA

2019rako 20.000 enplegu sortzea aurreikusi du Nafarroak

Langabezia tasa %13,27tik %10era jaistea da Nafarroako Gobernuaren helburua. Horretarako, formazioa sustatu nahi dute, Lanbide Heziketa indartuz.

Ayerdik eta Laparrak aurkeztu dute Nafarroako Gobernuaren Enplegu Plana 2016-2019. Argazkia: EFE.
Ayerdik eta Laparrak aurkeztu dute Nafarroako Gobernuaren Enplegu Plana 2016-2019. Argazkia: EFE.

AGentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak 20.000 enplegu berri sortu nahi ditu datozen hiru urteotan,  2016-2019 Enplegu Planaren bidez.  Langabezia tasa % 10era  (egun, % 13,27koa da) jaistea eta lan-merkatuan 10.000 pertsona gehiago sartzea da foru exekutiboaren asmoa.

Manu Ayerdik eta Miguel Laparrak, Garapen Ekonomikorako eta Eskubide Sozialetako presidenteordeek, hurrenez hurren, eman dute egitasmoaren berri, hedabideen aurrean. "Enplegu gehiago, kalitate hobeagokoa, enplegatze maila hobetzea eta aukera berdintasuna dira Enplegu Planaren lau ardatz estrategikoak. Horiei bosgarren helburu bat gehitu behar zaie: Nafar Lansarea eraldatzea, arreta pertsonalizatuagoa emateko langileei. 20.000 lanpostu sortuta, Nafarroa % 75eko enplegu-tasara hel daiteke, 20-64 urte arteko tartean. 2020rako Europak ezarritako helburua da", esan dute.

Helburu horiek lortzeko, 140 neurri zehatz jaso ditu Nafarroako Gobernuak gaur aurkeztu duen zirriborroan, eta datozen hilabeteotan hainbat eragile sozioekonomikoren artean eztabaidatuko dira neurriok.

Planaren arabera, enpleguaren kalitateari berebiziko garrantzia emango diote. "Planak kontratazio mugagabea sustatzearen aldeko apustua egiten du. Egun, urtean 17.000 kontratu mugagabe egiten dira. 25.000ra heltzea da helburua. Gainera, aurrera egin nahi da soldatetan, lan-osasunean, deklaratu gabeko enplegu-murrizketan … Kalitatezko enpleguaren sorrera funtsezko adierazlea izango da", zehaztu dute Laparrak eta Ayerdik.

Lanbide heziketa

Formakuntza da Enplegu Planaren ardatz estrategikoetako bat, Lanbide Heziketan arreta berezia jarrita. Maila horretan prestatutako pertsonen kopurua % 10 handitzea proposatzen du planak; Lanbide Heziketako 10.000 akreditazio berri lortu nahi dira. Horrez gain, Nafar Lansarean urtean 15.000 pertsonari "laguntza pertsonalizatua eta etengabekoa" emango zaie, batez ere, laneratzeko zailtasun handiak dituztenei.

Ayerdik azaldu duenez, "Foru Gobernuak ahalik eta adostasun sozial eta politiko handiena lortu nahi du Planaren baitan; izan ere, kalitatezko enplegua sortzea da Nafarroako Gobernuaren helburu nagusia. Enpleguaren egoerari buruzko diagnostikoa eragileekin partekatu ondoren, eragile sozial eta politikoekin hitz egingo da".

Foru exekutiboak Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua deituko du, proposamenaren gainean hausnartu dezan. Neurriak adosten direnean eta jendaurrean erakusteko eta herritarrek parte hartzeko fasea amaitzen denean, Gobernuak 2017rako eta hurrengo ekitaldietarako aurrekontua zehaztuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur Langabezia 2024 Nafarroako albisteak Lana berriak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua albisteak