Ekonomia -

BIZKAIKO

Aldundiak ikuskapenak egingo ditu egoitzetan, greba-egunetan

Bizkaiko Aldundiak foru-arau bat onartu du, egoitzetan deituta dagoen grebak irauten duen bitartean, 'ikuskapenak egin' eta 'adinekoen zaintza bermatzeko'.

Egoitzetako langileek martxoan egindako protesta. Argazkia: EFE.
Egoitzetako langileek martxoan egindako protesta. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Aldundiak adinekoen egoitzetan deituta dauden greba-egunetan ikuskapenak egingo ditu, eta horretarako, foru-arau bat onartu du, ikuskapenak nola egingo diren zehaztuz. Egunero egingo dira ikuskapenak, lanuzteak irauten duen bitartean, eta helburua, Aldundiak esan duenez, adinekoen "zaintza integrala" bermatzea da.

Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintzarako diputatuak eman du foru-arauaren berri, hedabideen aurrean egin duen agerraldian. Egoitzetan dauden pertsonen oinarrizko zaintza bermatzeko egingo dituztela ikuskapenak nabarmendu du.

Diputatuaren arabera, bestalde, foru-arauak izaera iraunkorra du, eta greba-egunetan bakarrik ez, egoera bere onera etortzen denean ere, indarrean egongo da. Ikuskapenak egitea ez dela kontu berria zehaztu du, lehendik ere egiten omen zituzten. Orain, baina, agiri batean jaso dute prozedura, ekinbideak zehazteko eta zabaltzeko. Instrukzio honek langileei eta enpresei eragingo diela esan du Sanchezek.

Ikuskapenak

Ikuskapenak egingo dituen lan-taldea 12 pertsonak osatuko dute, sei medikuk eta sei ikuskatzailek. Bizkaiko egoitza guztietan egingo dituzte behaketak, grebak irauten duen bitartean egunero, eta ondoren, tarteka.

Foru diputatuak azaldu duenez, egunero akta bidez jasoko dute ikuskariek egoitzetako egoera. Arau-hausterik atzemango balute, gaur ezarritako protokoloak hiru ekinbide zehazten ditu, larritasun mailaren arabera.

Hutsegitea larritzat jotzen bada, hau da, erabiltzailearen bizitza arriskuan ikusiz gero, berehalako neurriak hartuko dira, ikuskapena amaitu zain egon gabe.

Hutsegitea larria bai, baina premiazkoa ez denean, ikuskariek jasotako txostena igorriko zaio Lan Agintaritzari, beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatuz.

Azkenik, arau-urratzea arina dela irizten diotenean ere, inspektoreen akta igorriko zaio Lan Agintzaritzari, jakinaren gainean egoteko, bestelako eskaririk egin gabe.

Diputatuak argi utzi du edozein urraketaren aurrean zigor espedientea zabaltzeko aukera ematen duela foru-arau berriak.

Gatazka

ELAk deitutako lanuzteari dagokionez, Sanchezek esan du greba-eskubidea errespetatzen duela, baina pertsonen duintasuna gauza guztien gainetik dagoela. Aldeei dei egin die, elkarrekin hitz egin eta adostasun batera hel daitezen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Langabezia 2024 Bizkaiko albisteak Grebak gaur Lana albisteak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa