Ekonomia -
Krisia
Bere egoera ekonomikoa "oso larria" dela onartu du Hungariak
Aurreko gobernuak "herrialdeko ekonomiaren datuak manipulatu" zituela salatu du Hungariako Gobernuko bozeramaileak. Wall Streetek % 3,16 egin du behera eta Espainiako Burtsak % 3,8.
Erredakzioa
Estatuaren egoera ekonomikoa oso larria dela onartu du Hungariako Gobernuak, eta Greziari gertatutakoa saihesteko plan bat aurkeztuko duela iragarri du.
MTI albiste-agentzia lokalean egindako adierazpenetan, "herrialdeko ekonomia oso egoera larrian" dela adierazi du Peter Szijarto Hungariako Gobernuko bozeramaile berriak.
"Greziaren bidea saihestea" zeregin nagusia dela azaldu du bozeramaileak eta aurreko gobernuak "herrialdeko ekonomiaren datuak manipulatu" zituela salatu du, "lehenago Greziak egin bezala".
Viktor Orban kontserbadorearen Gobernu berriak boterea iragan astean hartu zuen, hauteskundeetan bere alderdiak (Fidesz) gehiengoa lortu ostean.
napi.hu atari ekonomikoaren arabera, Szijartok "ekonomia oso egoera larrian" dela esan du, eta porrotetik gertu direla esatea gehiegikeria ez dela erantsi du.
Aurreko Exekutiboak ustez egindako manipulazioak argitzeko batzorde batek kalkuluen detaileak argitaratuko ditu datozen egunetan, bozeramaileak azaldu duenez.
Horrez gain, egoera ekonomiko zailari aurre egiteko estrategia aurkeztuko du Gobernuak.
Burtsen beherakada
Egoera ekonomiko larriaren berri izan ostean Budapesteko Burtsak % 3,34 egin du behera.
Bestalde, Espainiako Burtsak % 3,8 egin du behera, urteko bosgarren beherakadarik handiena, eta saioa urteko mailarik baxuenean amaitu du, 8.923,40 puntu. Hungariako egoera ekonomiko larriak eta AEBetako maiatzeko langabezia datuek eragin egin diote merkatuari.
Horrela, Ibex 35 burtsako indize nagusiak 352,80 puntu galdu ditu, % 3,8a. 8.923,40 puntutara arte jaitsi da, ondorioz, % 5,33 behera egin du astean eta % 25,26 aurten.
Era berean, New Yorkeko Burtsak % 3,16 egin du behera. Hungariako egoera fiskal kezkagarriak eta AEBetako langabezia datuek Dow Jones indizea kolpatu dute.