Ekonomia -
Balantzea
Etxebizitzen gaineko hipoteka-kopurua % 23 hazi da Euskadin urtebetean
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1.541 hipoteka sinatu dira ekainean, eta Nafarroan, berriz, 387. Espainian, hipoteka berrien kopuruak duela urtebete baino % 15,5 egin du gora urtebetean.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) etxebizitzak erosteko 1.541 hipoteka sinatu dira ekainean, 2015eko hilabete berean baino % 23 gehiago, hain zuzen ere. Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, aurreko hilean baino % 4,5 hipoteka gehiago sinatu dira ekainean. Gaztela-Mantxan (% 18,4) eta Balear Uharteetan (% 14,3) bakarrik izan da igoera handiagoa.
Espainiako Estatuan, etxebizitzak erosteko hipoteka kopuruak % 15,5 egin du gora urtebetean, baina % 4,9 egin du behera 2016ko maiatzeko datuekin alderatuta.
Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, EAEn sinatu ziren 1.541 hipoteka horien bidez 240,6 milioi euro utzi dira maileguan; aurreko urtean baino % 33,2 gehiago eta maiatzean baino % 5,3 gehiago. Halaber, ekainean etxebizitzak erosteko sinatu diren hipoteketan, batez beste, 156.190 euro utzi dira maileguan.
Espainiako Estatuan, hipoteka horietarako utzitako kapitalak % 24,2 egin du gora azken hamabi hilabeteotan, guztira 2.843.7 milioi euro utzi baitira maileguan.
Bestalde, ekainean etxebizitzen gaineko 985 hipoteka geratu dira bertan behera EAEn; Estatuan kitatu diren 29.425 hipoteken % 3,3, alegia. Horrez gainera, etxebizitzen gaineko 138 hipotekatan egin dira erregistro-aldaketak EAEn; Estatuan aldatu diren hipoteka guztien (8.003) % 1,7, beraz, Euskadin egin dira.
Nafarroan, berriz, etxebizitzen gaineko 387 hipoteka sinatu dira ekainean, eta kopuru horrek % 18 egin du gora urtebetean. Ekainan, baina, maiatzean baino hipoteka gutxiago (% 18,5) sinatu dira.
Foru Erkidegoan, 38,3 milioi euro utzi dituzte maileguan horiek sinatzeko; azken urtebetean baino % 2,4 gehiago baina aurreko hilabetean baino % 13,8 gutxiago. Era berean, 263 hipoteka kitatu dituzte bertan ekainean.
Bestalde, Espainiako datuei dagokienez, etxebizitzen gaineko hipoteka berrien kopurua duela urtebete baino % 15,5 handiagoa da. Dena den, maiatzeko datuekin alderatuta, % 4,9 gutxiago sinatu dira ekainean.