Ekonomia -
ArcelorMittal
UGT ACBren inguruan: "Lantegia berriro zabalik izatea hasiera bat da"
UGT-Euskadiren esanetan, adostutako baldintzak ez dira lortu ahal ziren onenak, izan ere, asteburuetan baino ez dute lan egingo, 12 orduko txandetan.
agentziak | erredakzioa
Jose Ramon Manso UGT-Euskadiko Sestaoko ACBren ordezkariak gaur jakinarazi duenez, lantegia berriro zabalik izatea "hasiera bat da, behintzat abian jarri delako, baina bestelako balditzetan gertatu izana gustatu izango litzaiguke".
Sestaoko ACB irailaren 9an irekiko dute berriro, ArcelorMittal konpainiak baieztatu duenez. Hala ere, Mansoren hitzetan, adostutako baldintzak ez dira lortu ahal ziren onenak, izan ere, asteburuetan baino ez dute lan egingo, 12 orduko txandetan, tarifa elektriko merkeenaz baliatzeko.
Era berean, Mansok gogoratu du ez dutela langile guztiek lan egingo, lan-erregulazioko txostenaren menpean baitaude.
Hala eta guztiz ere, lehen urratsa dela eta horren atzean beste batzuk etortzea espero dutela esan du, eta horrela "irekierak ez du atzera pausurik izango".
"Proiektua bideratzen bada, ekoizpena haziko dela ulertzen dugu, eta langile gehiago behar izango dira", azaldu du.