Ekonomia -

ArcelorMittal

Irailaren 9an irekiko dute berriz Sestaoko ACB

Aste honetan bertan hasiko dira mantentze lanak egiten, lantegia ireki ahal izateko.

ACBko langileek egindako protesta bat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
ACBko langileek egindako protesta bat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Irailaren 9an berrirekiko du Arcelorrek Sestaoko planta

1:21

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko ACB irailaren 9an irekiko dute berriro, langileen ordezkariekin bildu eta gero ArcelorMittal konpainiak baieztatu duenez.

"Lantegia epe laburrean eta ertainean bideragarria izateko Negozio Planean zehaztutako baldintzak betetzen direlako" erabaki du taldeak zentroa irekitzea, prentsa-ohar batean zabaldutakoaren arabera.

Horretarako, aste honetan bertan abiatuko dituzte mantentze lanak.

Konpainiaren esanetan, hainbat faktorek egingo dute posible lantegia berriz irekitzea, hala nola langileek egindako "esfortzua"; izan ere, onartu egin dute asteburuetan (argindarra merkeagoa denean) 12 orduko txandak egitea eta lanpostuen kopurua murriztea.

Arcelorrek aipatutako beste arrazoietako bat da Sestaoko lantegia I+G+B (ikerketa, garapena eta berrikuntza) sektorera bideratuko dutela. Horrela, Jaurlaritzak alor horretan eskaintzen dituen diru-laguntzak jaso ahalko ditu. Duela hilabete, 3,95 eta 5,4 milioi euro arteko laguntzak emateko prest agertu zen Gobernua, betiere zenbait baldintza betetzen baditu.

Konpainiak nabarmendu duenez, Sestaoko lantegiak hainbat abantaila ditu labe garaien estilokoen aurrean, argindarra erabiltzen baitu. Bestalde, beste hainbat neurrirekin kostuak murriztea lortu dutela aipatu du. Horren ildotik, enpresa batzordeak duela bi aste eman zituen azalpenen arabera, konpainiak lurzoruaren zati bat alokatu dio logistika enpresa bati, eta Zamudioko I+G+B zentroa Sestaoko lantegira eramango du.

Langileen ordezkarien iritziz, altzairuaren prezioak gora egin izana ere izan da erabaki hori eragin duen beste faktoreetako bat, egun altzairu tona 430 euroan salerosten baita. Urtarrilean, 387 euroko salneurria zuen.

Jaurlaritzak txalotu egin du erabakia

Testuinguru horretan, Jaurlaritzak txalotu egin du Sestaoko ACB berriro irekitzea erabaki izana, eta jarduera jarraitzeko "hainbat hilabetez" lan handia egin dela gogorarazi du.

Agiri batean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak adierazi du, hain zuzen ere, lantegia irekitzea zela "Eusko Jaurlaritzak eskatzen zuena".

Gasteizko Gobernuko ordezkariak zuzendaritzarekin eta langileekin harremanetan jarri dira gaur, eta Arantxa Tapia sailburuak prentsaurrekoa emango du bihar, balorazio sakonagoa egiteko.

UGT-Euskadiren ustez, lantegiaren irekiera lehen urrats bat da

Jose Ramon Manso UGT-Euskadiko Sestaoko ACBren ordezkariak gaur jakinarazi duenez, lantegia berriro zabalik izatea "hasiera bat da, behintzat abian jarri delako, baina bestelako balditzetan gertatu izana gustatu izango litzaiguke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Sestao bideoak Zer gertatu da Bizkaian? Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Burdingintza