Ekonomia -
Erregaien prezioa
Gasolina eta gasolioaren prezioak garestitu egin dira aste honetan
Dena den, ibilgailuaren biltegia betetzea merkeagoa da datuak aurreko urteko epe berberarekin alderatzen badira.
Agentziak | Erredakzioa
Motor-erregaien prezioa garestitu egin da aste honetan. Europako Petrolio Buletinak jakitera eman duenez, gasolinaren prezioa % 0,9 igo da eta gasolioarena % 0,7. Datu horien arabera, joan den abuztuaren 15ean izan zen gasolinaren eta gasolioaren prezioen jaitsiera esanguratsuena.
Gasolina litro bakoitzak batezbeste 1,131 euro balio ditu orain, bertako gasolindegietan, baina aurreko sei asteetako datuekin alderatuta, igoera nabaria da. Gasolioari dagokionez, bere balioa 1,003 eurokoa da, eta aurreko asteetan baino garestiago dago merkatuan. Izan ere, balioa bost astez beheratu ostean, euro bat baino gutxiago balio izatera heldu da.
Era berean, aste honetan petrolio gordinaren prezioa igo da, eta horrek lotura izan dezake bertako gasolindegietan saltzen duten motor-erregaien prezioaren igoerarekin. Edozein modutan ere, datuok aurreko urteko epe berberarekin alderatzen badira, gasolina litro bakoitzaren prezioa batezbeste % 9,6 merkeagoa dela ikus daiteke. Gasolioari dagokionez, berriz, prezioa batezbeste % 8,4 jaitsi da.
Horrenbestez, ibilgailuaren biltegia betetzeak dirua aurreztea suposatu lezake bi kasuetan. Gasolinaren kasuan, 55 litroko biltegia betetzen bada batezbeste sei euroko aldea egon liteke aurreko urteko epe berberarekin alderatuta. Bestalde, gasolioari dagokionez, gehienez bost euro aurreztu daitezke.
Europako gasolindegiekin alderatuta, erregaiaren prezioa merkeagoa da Espainian. Izan ere, gasolina litro bakoitzak gehienez 1,269 euro balio ditu bertako gasolindegietan; Europakoetan, berriz, 1,306 euro. Gasolioaren prezioari dagokionez, litro bakoitzak batezbeste 1,112 euro balio du Europar Batasunean eta 1,099 euro eurogunean.