Ekonomia -
Bruselas
Dumpingaren aurkako behin-betiko zergak, Txinako altzairugintzari
Errusiako altzairu produktuei ere ezarri dizkie Bruselak behin-betiko zergak. Txinak, dagoeneko, bere ezinegona agertu du, neurri berri honek produktua garestitzea ekarriko duela argudiatuta
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dumpingaren kontrako behin-betiko zergak ezarri dizkie Europar Batasunak Txinako eta Errusiako altzairu produktuei. Bost urtez egongo dira indarrean zerga berriak, eta atzeraeragina izango dute.
Europako Batzordeak agiri baten bidez jakitera eman duenez, Txinari ezarritako zergak % 19,7tik % 22,1era igoko dituzte eta Errusiari ezarritakoak % 18,7tik % 36,1era.
Mina Andreeva Europako Batzordeko eledunaren arabera, otsailaren 12an ezarri zituzten behin-behineko zergak eta data hori hartuko da kontua atzeraeragina ezartzeko.
Hotzean xaflatutako altzairuzko produktuetan izango du eragina neurriak, eta baita industriarako oro har eta etxetresna elektrikoen fabrikaziorako erabiltzen den altzairu produktuetan ere.
Bruselak gogora ekarri duenez, 2015eko ekainaren 14an abiatu zuten Txinako eta Errusiako dumpingaren kontrako ikerketa.
Txina, haserre
Txinako Merkataritza Ministerioak bere ezinegona agertu du Bruselak hartutako neurriak direla eta. Nazioarteko merkataritzari kalte egingo diote zerga berriek, Txinaren aburuz.
Altzairu produktuen prezioek gora egingo dutela EBn eta zergek lehiakortasunari kalte egingo diotela uste du herrialde horretako Merkataritza Ministerioak.