Ekonomia -
LAN GATAZKA
Zortzi eguneko greba deitu dute Guggenheim Bilbaoko langileek
Museoko hezitzaileek eta orientatzaileek deitu dituzte lanuzteak, Manpower Group enpresakoak denak. Abuztuaren 9rako, 11rako, 23rako, 26rako eta 30erako eta irailaren 1erako deitu dute greba.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guggenheim Bilbao Museoko hezitzaileek eta orientatzaileek zortzi eguneko greba deialdia egin dute, abuzturako eta irailerako, lan-baldintza hobeagoak aldarrikatzeko. Abuztuaren 9rako, 11rako, 23rako, 26rako eta 30erako eta irailaren 1erako deitu dituzte lanuzteak.
Besteak beste, subrogazio klausula onartzea eskatzen diote enpresari. Guggenheim Museoak "ahoz" hartutako konpromisoa ez dela nahikoa diote langileek, eta, beraz, lanuzteak deitzea beste biderik ez dutela nabarmendu dute. Greba mugagabea deitzea ere ez dute baztertzen, euren lan-baldintzak hobetzeko konpromisorik ikusten ez badute.
Halere, negoziatzeko prest agertu dira, eta lan-baldintzak hobetzeko enpresak benetako borondatea erakutsiko balu, greba bertan behera uzteko prest agertu dira. "Betiere, subrogazio klausula onartzeko benetako konpromisoa erakusten badute eta prekarietatearekin amaitzeko neurriak hartzen badituzte", gaineratu dute.
Abuztuaren 2an, asteartea, Guggenheim Museoko langileen eta LAB sindikatuaren ordezkariek bilera bat izan zuten Manpower Group enpresaren arduradunekin. Horren ostean erabaki dute lanuzteak egingo dituztela, arduradunek, greban dauden hamazortzi langileen aldarrikapenei erantzuna ematen dieten unera arte.
Asteartean izandako bilera horretan, lan-baldintzak hobetzeko eskaerari ezin ziotela erantzunik eman azaldu zuten Manpower Group konpainiaren arduradunek. Horretarako, Bilboko museoak zerbitzuaren baldintza ekonomikoak aldatu beharko lituzketela gaineratu zuten.
Horren aurrean, museoak zein enpresak eman dieten erantzunak ez duela “lanbidearen egonkortasuna bermatzen ezta lan-baldintzak hobetzen ere” adierazi dute Bilboko Guggenheim-eko hezitzaileek eta orientatzaileek.
Greba mugagabea egingo duten hamazortzi langileek arteari buruzko elkarrizketak izaten dituzte museoaren aretoetan eta bisita gidatuak egiten dituzte, besteak beste. Hala, soldata hobeagoa izatea, kontratazioan subrogazio klausula bermatzea edota euren kategoria profesionala aitortzea eskatzen dute.
Manpower Group enpresak 2014an sinatu zuen hitzarmena Bilboko Guggenheim museoarekin, eta datorren irailaren 30era arte indarrean egongo da.