Ekonomia -
EMAITZAK
1.457 milioi irabazi ditu Iberdrolak ekainera arte, % 3,3 gutxiago
2015eko epe berean izandako aparteko diru-sarrerak ez dira jaso aurten, eta horri egotzi dio jaitsiera konpainiak. Hala ere, 'negozioaren bilakaera operatibo ona' nabarmendu du Iberdrolak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2016ko ekainera arte 1.457,7 milioi euro irabazi ditu Iberdrolak, iaz epe berean baino % 3,3 gutxiago, argindar enpresak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dionez.
2015ean aparteko diru-sarrerak ez dira jaso aurten, eta horri egotzi dio jaitsiera konpainiak. 220 milioi euro itzuli zizkioten konpainiari, ogasun-funts batetik.
Ustiapen emaitza gordina 3.892 milioi eurokoa izan da, 2015eko lehen seihilekoan baino % 1,4 gehiago. Diru-sarrerek, berriz, % 7,6 egin dute behera, 14.898 milioiraino.
Konpainiak nabarmendu duenez, Iberdrolarentzat erreferentzia diren dibisen bilakaerak eragin nabarmena izan du azken hilabeteotako balantzean: dolarraren egonkortasunak ez du lortu libera esterlinaren eta erreal brasildarraren debaluazioa orekatzea, elektrikaren arabera.
Dena dela, aipatutako aparteko diru-sarrera horiek kontuan hartu gabe, irabazi gordinak gora egin duela nabarmendu du argindar enpresak. Negozioaren bilakaera operatibo ona eta finantza gastuen jaitsiera ( % 30,3 gutxiago) dira irabazien arrazoiak, konpainiak zehaztu duenez.