Ekonomia -

Sestao

Arcelorrek mugarik gabe atzeratu du ACBren irekiera

Langileek oporrak hartuko dituzte uztailaren 21etik abuztuaren 7ra arte, balitekeelako lantegia abuztuan zabaltzea.

ArcelorMittalen Sestaoko egoitza. Argazkia: EiTB
ArcelorMittalen Sestaoko egoitza.
Sestaoko Arcelorren irekiera atzeratu egin du enpresak

1:19

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ArcelorMittalek mugarik gabe atzeratu du Sestaoko ACB lantegiaren irekiera, uztailaren erdialderako aurreikusita zegoena, Eusko Jaurlaritzarekin oraindik negoziatzen eta akordiorik lortu gabe jarraitzen duelako.

ACBko langile batzordeak ekainaren 14an onartu zuten multinazionalak lantegia irekitzeko aurkeztu zuen proposamena. Asteburuetan lan eginda hilean 12.000 tona ekoiztea proposatu zuen enpresak, baina egitaraua aurrera eramateko beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzarekin ituna egitea.

Enpresa batzordearekin egitasmoa adostu ostean (ELA eta LAB kontra agertu ziren), ArcelorMittalekin ekaina amaitu aurretik espero zuen Jaurlaritzarekin adostasunera heltzea, uztailaren erdialdean Sestaoko lantegia ireki ahal izateko.

Konpainiako iturrietatik jakinarazi dute oraindik ez dela akordiorik Jaurlaritzarekin eta irekiera "atzeratu" egin dutela "datarik gabe", Iñigo Urkullu lehendakariaren exekutiboarekin ituna egiteko zain.

Aipatu iturriek zehaztu dute dena "prest" dutela lantegia berriro irekitzeko, eta dagoeneko aukeratu dituztela lanean hasiko diren 140 beharginak.

Jaurlaritzak erantzun du ez dela bere erabakia

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak berretsi du Sestaoko lantegia ireki ala ez "enpresak berak" erabaki behar duela, baina Jaurlaritza laguntzeko prest dagoela. Horren harira, "enpresa batek izan ditzakeen galerak beregain hartzea juridikoki onartezina" dela azpimarratu du.

Oporrak uztailaren 21etik

Testuinguru horretan, oporrak uztailaren 21etik abuztuaren 7ra arte hartzea proposatu die enpresak langileei, balitekeelako lantegia abuztuan zabaltzea, eta horiek onartu egin dute aho batez, enpresa batzordetik azaldu dutenez.

Neurri horrekin, lantegia abuztuan ireki ahal izatea du helburu ArcelorMittaleko zuzendaritzak, Jaurlaritzarekin akordioa lortzen badu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao bideoak Azken ordukoa Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Albisteak multinazionalak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Metalgintza