Ekonomia -
DEFIZITA
Espainia zigortzeko prozesua abiatu du Ecofinek, defizitagatik
Bruselak ezarritako defizit helburua ez du bete Espainiak, eta, ondorioz, 2.000 milioi eurorainoko isuna jar diezaioke EBk. De Guindos Ekonomia ministro espainiarrak isunik ez jartzea espero du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Defizita murrizteko konpromisoak ez betetzeagatik, Espainia eta Portugal zigortzeko prozesua abiatzea adostu dute Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroek (Ecofin) gaur Bruselan egin duten bileran. Txosten batean jaso dutenez, defizita murrizteko beharrezko neurriak ez dituzte ezarri Espainiako eta Portugalgo gobernuek.
"Europar Batzordeak 2013ko ekainean emandako aholkuak ez ditu jarraitu Espainiak eta ez ditu beharrezko neurriak hartu", agiri horren arabera. Zigorrak ezarri edo ez bozkatu dute gaur finantza ministroek, baina Espainiako eta Portugalgo ekonomia arduradunek ez dute parte hartu bozketan.
Txostena onartuta, 20 eguneko epea du Europar Batasunak isunaren zenbatekoa proposatzeko. Herrialdearen Barne Produktu Gordinaren % 0,2rainokoa izan daiteke isuna, eta herrialde horrek 2017an Europatik jaso beharreko diru-laguntzen zati bat izoztuta gera liteke. Hori dela eta, 2.000 milioi eurorainoko isuna jar diezaioke EBk Espainiari.
Dena dela, Bruselak ez du baztertu isuna murriztea edo baliogabetzea. Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak albistea jakin orduko esan duenez, isunik ez egotea espero du.
Hamar eguneko epea du gaurtik Espainiak zigor-prozesuari alegazioak aurkezteko, eta, dagoeneko, De Guindosek aurreratu du bihar bertan egingo dutela hori. Ministroaren arabera, Espainiak prest du krisiari aurre egiteko Gobernuak hartu dituen neurrien txostena, argudiatuta, Bruselari igortzeko.