Ekonomia -
ESPAINIAKO OGASUNA
Diskoteken iruzur fiskalaren aurkako operazioa, 11 erkidegotan
Poliziak lagunduta, Espainiako Ogasuneko 500 langilek ia 200 lokal eta enpresa arakatu dituzte, diru beltz eta iruzur fiskalaren frogen bila.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Diskoteka eta pubetako iruzur fiskalaren kontrako operazio handia egiten ari da Espainiako Zerga Agentzia, hamaika erkidegotan. Poliziak lagunduta, Espainiako Ogasuneko 500 langilek ia 200 lokal eta enpresa arakatu dituzte, diru beltz eta iruzur fiskalaren frogen bila.
'Chopin' izeneko operazioa bart hasi zen, eta, gutxienez, gaur iluntzera arte jarraituko du poliziak lokalak miatzen. Oraingoz, ez da atxiloketarik aurreikusten. Dena dela, atzemandako dokumentuak ikertutakoan atxiloketak egon daitezkeela aurreratu dute ikerketako iturriek.
Besteak beste, erabilera bikoitzeko software bat atzeman dute; horrek, ikertzaileen arabera, diru-sarrerak ezkutatzea ahalbidetzen zien diskoteketako eta pubetako jabeei, kontabilitate paralelo baten bidez. Diru beltz kantitate handiak ere atzeman omen dituzte.
Denera, 87 diskoteka eta pub daude operazio honekin nahastuta, Andaluzian (10), Aragoin (4), Balearretan (4), Kanarietan (4), Gaztela eta Leonen (3), Katalunian (16), Extremaduran (2), Galizian (16), Madrilen (7) eta Valentzian (20).