Ekonomia -
Araudia
Alde Zaharrean taberna gehiago zabaltzeko baimenak ukatuko ditu Bilbok
Udalbatzak ez du kontuan izan Lehiako Euskal Agintaritzak egin zuen txostena. EAJk, PSEk, EH Bilduk, Udalberrik eta Irabazi Goazen-ek planaren alde bozkatu dute. PPk berriz, abstentzioa aurkeztu du.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Udaleko udalbatzak ostegun honetan, ekainak 30, onartu du Alde Zaharrean ostalaritza establezimendu gehiago ez zabaltzeko plana, Lehiako Euskal Agintaritzaren (LEA) proposamena kontuan izan gabe.
Erabaki horrekin, tabernen eta denda txikien arteko oreka bermatu nahi dute Bilboko Zazpikaleetan. Izan ere, azken urteotan zabaldu diren ostalaritza establezimenduen kopurua %15 igo da. Bitartean, komertzio txikien kopurua %11 inguru jaitsi da.
Udalbatzan, EAJk, PSEk, EH Bilduk, Udalberrik eta Irabazi Goazen-ek bozkatu dute planaren alde. Alderdi Popularrak berriz, abstentzioa aurkeztu du.
Lehiako Euskal Agintaritzak garatu zuen txostenean, baimenak ukatzeko plana ez dela beharrezkoa azaldu zuen, eta kalte gutxiago sor dezaketen neurriak hartzeko eskaera egin zuen.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan duenez, txostena “alde batekoa” da eta horrek “zilegitasuna kentzen dio”.
Era berean, Luis Eguiluz Alderdi Popularreko bozeramaileak azaldu du LEAk idatzitako txostena irakurri ostean ikuspuntua aldatu zuela, baina “nolabaiteko neurriak” hartu behar direla gaineratu du.