Ekonomia -

GIPUZKOA

2018ko urtarrilean jarriko da martxan N-1eko bidesaria kamioientzat

Gipuzkoan trafikoa arintzea eta kanpoko kamioilariek N-1eko gastuetan ekarpena egitea da AT izeneko bidesari sistema berriaren helburua. Lurralde osoa zehartzen duenak 10 euro ordainduko ditu.

Aintzane Oiarbide (Gipuzkoako Aldundia) eta Alfredo Etxeberria (Bidegi), gaurko agerraldian. EFE.
Aintzane Oiarbide (Gipuzkoako Aldundia) eta Alfredo Etxeberria (Bidegi), gaurko agerraldian. EFE.
Gipuzkoako Aldundiak 2018rako bidesaria martxan jartzea aurreikusi du

1:27

AGENTZIAK | ERREDAZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegik AT ordainketa sistema berria aurkeztu dute. 2018ko urtarrilean jarriko da martxan N-1eko bidesaria kamioientzat eta, arduradunek esan dutenez, "Gipuzkoako errepideen oreka eta mantenua bermatuko duen sistema" izango da.

Ordainsari sistema berria Gipuzkoako hiru puntutan jarriko da: Etzegaraten, Andoainen eta Irunen. Arku metaliko edo "ate inteligente" batetik igaroko dira ibilgailu astunak, gelditu gabe, eta sistemak ibilgailuen matrikulak irakurriko ditu.

Irundik pasa ondoren Etzegarateraino iristen denak 10 euro ordainduko ditu, bi arkutatik pasatzen denak hiru euro eta erdi, eta bakar bat zeharkatzen duen kamioilariak euroa baino gutxiago ordaindu beharko du.

Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak, goizean egin duen agerraldian, esan duenez, Suedian, Norvegian, Kanadan eta Portugalen daude era honetako bidesari sistemak.

Oiarbideren arabera, Gipuzkoa egunero zeharkatzen duten kamioilarien %  60 atzerritarrak dira. "Gipuzkoarrok soilik ezin dugu ordaindu Europako ardatz transeuropearrean dagoen azpiegitura honen mantenua eta hobekuntza. AT sistemak kanpoko kamioilariek ibilbide osoa ordaintzea bermatzen du eta Gipuzkoa barruko bertakoen joan-etorrietan ahalik eta eragin gutxiena izango du", nabarmendu du.

Matrikulak irakurriko dituen sistema informatikoa diseinatuko duen enpresa hautatzeko lehiaketa uztailean zabalduko da, eta datorren urtean hasi nahi dituzte sistema martxan jartzeko lanak. Hasieran, doakoa izan da, baina 2018ko urtarrilean kobratzen hasiko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak N-1 Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak Kamioientzako bidesariak