Ekonomia -
Akziodunen batzarra
Euskaltelek esan du etorkizuneko erronkak gainditzeko prest dagoela
Akziodunen Batzarrak Francisco Arteche izendatu du kontseilari exekutibo, eta uztaileko administrazio kontseiluan hartuko du kontseilari delegatu kargua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alberto Garcia Erauzkin Euskalteleko presidenteak esan du konpainia prest dagoela “berehalako etorkizuneko erronkak gainditzeko”, akziodunentzat balioa sortuz eta ikuspegi sendoa izanda. Euskalteleko Akziodunen Ohiko Batzar Orokorrean egin ditu adierazpenok Erauzkinek.
Euskalteleko presidenteak gogoratu du konpainia Burtsara atera zenetik lehen urteurrena beteko dela datorren ostiralean. “Aro berri baten hasiera izan zen, egun historikoa”, azpimarratu du.
Hala ere, egungo testuinguruari buruzko hausnarketa egitea ezinbestekoa dela esan du, eta, besteak beste, Erresuma Batuak Europar Batasuna uzteko erabakia aipatu du.
Euskaltel Euskal Autonomia Erkidegoan eta Galizian “liderra” dela esan du, ratio errekorrak lortu dituela eta etengabeko hazkuntzaren eta eraldaketaren bideari ekin diola, “finantza diziplinari eutsiz”.
Horrenbestez, “eta gure inguruan izan daitezkeen egoera ezberdinen aurrean, testuinguruak izan ditzakeen ondorioak ondo interpretatu behar ditugu, konpainiarentzat ahalik eta mesedegarriena izateko”. “Horixe egin genuen iraganean, arrakastaz, eta horixe egingo dugu etorkizunean”, agindu du.
Bestalde, Alberto Garcia Erauzkinek Euskalteleko presidente izaten jarraituko du, akziodunen gehiengoak babestuta, eta Jose Angel Corres izango da berriro presidenteordea, kontseilari independente bezala.
Horrez gain, aho batez onartu dute Francisco Arteche kontseilari exekutibo izatea. Uztaileko administrazio kontseiluan izendatuko dute Euskalteleko kontseilari delegatu.