Ekonomia -
ENPLEGUA
Nafarroako Gobernuak 298 postuko Lan Eskaintza Publikoa proposatu du
Gaur aurkeztu die proposamena sindikatuei. Osasunbiderako 192 lanpostu proposatu ditu, Administrazio Nukleorako 100 eta Osasun Publikoaren eta Lan Instituturako 6.
EITB.EUS
Nafarroako Gobernuak beste Lan Eskaintza Publiko baterako proposamena egin dio, goizean, Funtzio Publikoko Mahai Orokorrari. Oraingo honetan, guztira, 298 lanpostuko eskaintza jarri du mahai gainean Foru Exekutiboak, 2016rako: Osasunbiderako 192, Administrazio Nukleorako 100 eta Osasun Publikoaren eta Lan Instituturako 6.
Aurrera egingo balu, otsailean onartu zen beste lan eskaintzari gehituko litzaioke honakoa. Hezkuntzarako 200 lanpostu eskaini zituzten ordukoan, eta larunbat honetan bertan egingo dute lehen azterketa.
Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak eman du lan-eskaintza publikoaren berri, hedabideen aurrean, goizean. Horren hitzetan, enplegu publikoa sortzea eta enpleguaren behin-behinekotasuna murriztea da Foru Gobernuaren helburua.
Kontseilariaren arabera, aspalditik ari da Foru Gobernua LEP berria ateratzeko lanean, baina orain arte ezin izan du aurkeztu, Estatuko Abokatutzak suhiltzaileen lan-eskaintzaren kontra 2015ean jarritako helegitea epaileak artxibatzea erabaki duen arte. "Bestela, arduragabekeria izango litzateke, lan-eskaintzak ez lukeelako beharrezko segurtasun juridikoa izango", esan du Beaumontek. Kontseilariak esan duenez, Estatuko Aurrekontu Orokorren legeak ezarritako araudiaren arabera "mugatutako" lan-eskaintza da. "Gustatuko litzaiguke lanpostu gehiago eskaintzea, baina, legez, hau da eskaini ahal dugun guztia", azaldu du.
Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrari aurkeztuta, Nafarroako Gobernuak epe jakin bat du proposamena onartzeko. Ondoren, Euskarabideak lanpostu bakoitzari dagokion hizkuntza-eskakizunaren txostena prestatu beharko du, eta Ogasun sailak gastu-konpromisoen agiria onartuko du.
Horiek guztiak egindakoan, hiru urteko epea izango du Foru Gobernuak aukeraketa prozesu osoa burutzeko.