Ekonomia -
Akordioa
Gamesak eta Siemensek munduko enpresa eoliko handiena sortu dute
Siemens bilakatuko da akziodun nagusia, % 59 eskuratuta. Egun, lehen akzioduna den Iberdrola bigarren izatera pasako da. Bat-egitea gauzatzeko, Siemensek 890 milioi euro ordainduko dizkio Gamesari.
Euskadi Irratia| eitb.eus
Siemensen eolikoen adarrak Gamesarekin bat egin du eta eolikoetan munduko enpresarik handiena sortuko dute, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.
Siemens enpresa alemaniarrak kontrolatuko du aurrerantzean Gamesa, 890 miloi eurotan itxi den operazioan. Gamesako administrazio-kontseiluak onartu du salmenta operazioa, azken xehetasunak lotu nahian ari dira orain, besteak beste, enpresa berriaren egoitza fiskala.
Gamesak izango duen egoitza sozialaz erabaki irmorik ez, baina zenbait ekonomia hedabideren arabera, Zamudion (Bizkaia) jarraituko luke eta Ignacio Martinek jarraituko luke buru, Alemanian beste egoitza bat ere izango luke talde berriak.
Energia eolikoaren arloan mundu mailako erraldoiaren berri Bloomberg ekonomian espezializatutako albiste-agentziak aurreratu du albistea.
Siemens bilakatuko da akziodun nagusia, % 59 eskuratuta. Egun, lehen akzioduna den Iberdrola bigarren izatera pasako da.
Gamesaren administrazio-kontseiluak argi berdea eman dio operazioari sei hilabeteko negoziaketen ondoren. Oraindik ere, hainbat puntu negoziatzen jarraituko badute ere, bi enpresek argi dute batez ere itsasoko eolikoan indarrak batu eta inbertitu nahi dutela.
890 milioi euro
Bat-egitea gauzatzeko, Siemensek 890 milioi euro ordainduko dizkio Gamesari, ez-ohiko dibidendu gisa.
Gamesaren administrazio-kontseiluak baiezkoa eman dio eta orain akziodunen batzordea berretsi beharko du, datorren asteazkenean egingo du Gamesak.
Bestalde, Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak ere arazorik gabe onartzea espero da. Azkenik, Siemensen inbertsioa gauzatzea faltako litzateke.
Dena den, operazioak hainbat galdera zabalik uzten ditu, batez ere, Hego Euskal Herriko hornitzaileengan izango duen eraginaren inguruan: 700 hornitzaile ditu Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, eta 250 milioi euro fakturatzen dituzte urtero.
Akzioen kotizazioa
Gamesaren kotizazioa bertan behera utzi du, goizeko lehen oduan, Balioen Merkatuaren Batzorde Nazionalak, "operazioen bilakaera normalari eragin diezaioketen inguruabarrak" gerta zitezkeelako.
14:30 arte egon da kotizazioa etenda. Agiri batean, Balioen Merkatuaren Batzorde Nazionalak jakitera eman duenez, Gamesak operazioaren inguruko informazioa zabaldu duenean erabaki dute kotizazioa berriro abian jartzea.
17,9 eurotan saldu ziren atzo Gamesaren akzioak, balioa % 17,1 handitu ostean.
Akzioek gora egin dute
Euskal fabrikatzailearen balioa % 5,6 handitu egin da Siemens enpresa alemaniarrarekin sinatutako akordioaren ostean.