Ekonomia -
SALTOKI HANDIAK
Mercadonak ez du saltokirik zabalduko Abadiñon
Kokalekua aztertu dutela onartu du supermerkatu taldeak, baina 'estrategikoki' ez duela bat egiten konpainiaren helburuekin adierazi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mercadona taldeak ez du saltokirik zabalduko Abadiñon, EAErako duen hedatze-planaren baitan "ez delako estrategikoa". Konpainiak jakinarazi duenez, "inoiz" ez du kontraturik sinatu herri horrekin.
Mercadona Abadiñon supermerkatua zabaltzekotan dela zabaldu da azken egunotan, eta supermerkatu taldeak agiri baten bidez gezurtatu du albistea. Bertan zehaztu duenez, azterketa bat egin egin dute, Abadiño kokaleku aproposa izango den edo ez erabakitzeko, baina hortik aurrera ez dute urratsik eman.
Leku askotatik jasotzen dituztela saltokiak zabaltzeko proposamenak esan du Mercadonak, eta, ondorioz, azterketa asko egiten dituztela. "Gehienak, hor geratzen dira, azterketa fasean. Ezaugarri egokiak betetzen dituztenak bakarrik heltzen dira amaierara. Abadiñok ez zuen bat egiten gure helburu estrategikoekin", esan du taldeak.