Ekonomia -
Trenak
CAFek hainbat kontratu sinatu ditu Erresuma Batuan,310 milioiren truke
Kontratu berri horiei Erresuma Batuan bertan urtarrilean sinatutakoei gehitu behar zaizkie
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CAF euskal enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Erresuma Batuan First Group operadorearekin eta Eversholt Rail Group eta Beacon Rail finantza enpresekin -310 milioi, guztira-. Zehatz-mehatz esanda, CIVITY UK plataformarako 5 kotxeko 12 unitate elektriko eta bidaiarien 66 kotxe egiteaz gain, mantentze lanak ere bere gain hartuko ditu. CIVITY UK enpresak Ingalaterra iparraldeko eskualdeko TransPennine frankiziarako lanak ditu esleituta.
CAFek ohar bidez azaldu duenez, First Group operadorearekin duen konpromisoa epe luzerakoa izango da; izan ere, lankidetza frankiziaren eragiketa-amaierara arte mantenduko da, 2023ra arte. Horrela, trenetako bi plataformetarako ordezkoen kudeaketa integrala eta mantentze lanetarako euskarri teknikoaren zerbitzua eskainiko dio euskal enpresak.
Aipaturiko kontratu horiei urtarrilean Erresuma Batuko Arriva Rail North Limited operadorearekin eta Eversholt Rail Group finantza-enpresarekin sinatutakoei gehitu behar zaizkie -740 milioi euroko zenbatekoa-. Akordio horren baitan, Ingalaterra iparraldeko Northerm eskualderako 43 tren elektriko eta 55 diesel treneko bi flota egingo ditu.
Bestalde, CAFen esanetan, azken kontratu horiek Erresuma Batuko trenbide sektorean sendotzeko balioko diote.