Ekonomia -
Altzairugintza
Tapia eta ACBren batzordea, 'ildo beretik', Arcelorren asmoen aurrean
Sailburua Sestaoko lantegiaren enpresa batzordearekin bildu da goizean. Arratsaldean, zuzendaritzarekin bilduko dira langileak.
AGentziak | Erredakzioa
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Lehiakortasunerako sailburuak Sestaoko ACB lantegiko enpresa batzordeari esan dionez, Jaurlaritzak ez du "enplegua eta ekoizpena" bermatuko ez duen planik "babestuko".
Sailburua Sestaoko altzairutegiko langile ordezkariekin bildu da goizean, eta ArcelorMittalek dituen asmoen aurrean, "ildo bereko" jarrera dutela agertu dute biek, Juan Carlos Diaz enpresa batzordeko presidenteak bilera amaitutakoan azaldu duenez.
ArcelorMittalek Sestaoko lantegia berriz zabaltzeko plana aurkeztu zuen joan den astean. 10.000-12.000 tona produzitzea izango litzateke multinazionalaren asmoa, asteburuetan lan eginda, bolumen gutxiko ekoizpenerako industria-egitura berria ezarrita eta soldaten "jaitsiera garrantzitsuarekin". Plana hau baztertu dute hasieratik langileek.
Bileraz jositako astea izaten ari da honakoa ArcelorMittalen auzian. Arratsaldean, Tapia sailburua zuzendaritzarekin bilduko da, eta enpresa batzordeak ere hitzordua du ACBko buruekin, plan industrialarekin batera gauzatuko duten "plan sozialaren xehetasunak" bertatik bertara ezagutzeko.
Goizeko bileran Tapiak langileei adierazi dienez, Jaurlaritzak ez du "enplegua eta ekoizpena" bermatuko ez duen planik "babestuko".
Enpresa batzordeko presidentearen hitzetan, zuzendaritzak "oso altzairu zehatzekin" egin nahi du lan, baina horiekin ez zaio "orain arteko ekoizpen mailari" eusten. "Ezin gara hilabetean lau edo sei egun lan egiten ibili, beraz, ekoizpena osatzeko beste altzairu bobina batzuk ekoitzi beharko ditugu", ohartarazi du Diazek.
ArcelorMittalen asmoen aurrean, langileek eta Jaurlaritzak "ildo bereko" jarrera dutela nabarmendu du Diazek. Haren esanetan, "Tapia ez dute engainatuko, eta ekoizpen berezituen, produktu berrien eta berrikuntzen inguruan hitz egiten diotenean ez diote ziria sartuko".
Enpresa batzordeko presidenteak esan duenez, Jaurlaritzaren inbertsioak ongietorriak izango dira, baina "ekoizpen maila jakin bat eta enplegua bermatuta".
Guzti horrengatik, zuzendaritzak aurkeztutako plana baztertu du enpresa batzordeak, "fabrika ixteko lehen pausua litzatekeelako".