Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
ArcelorMittalen batzordeak presio neurriak eskatu dizkio Jaurlaritzari
Zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko negoziaziorako epeak "agortzen" ari direla ohartarazi dute langileen ordezkariek.
agentziak | erredakzioa
Zumarragako ArcelorMittalen langileen ordezkariek "presioa" areagotzeko eskatu diote Jaurlaritzari enpresa behin betiko itxi ez dezaten, zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko negoziaziorako epeak "agortzen" ari direla eta.
Lantegiko ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izan dira, batzordean hitz egiten, eta gero Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuarekin elkartu dira.
Sail horretako iturrietatik jakitera eman dutenez, bi aldeak asteotan izaten ari diren "ohiko harremanen" barruan kokatzen da bilera.
Batzordean egindako agerraldian, Leo Bote enpresa batzordeko presidenteak gogorarazi du sindikatuek eta zuzendaritzak elkarrizketetarako epea luzatzea adostu zutela, eta oraingoz bi bilera gehiago egiteko hitzorduak dituztela.
Hori dela eta, "epeak igarotzen" ari direla ohartarazi du, eta erakundeek, Jaurlaritzak bereziki, aurrerapausoa emateko garaia dela aldarrikatu.
Hala, dituen eskumenen barruan "presioa" egiteko eskatu dio Jaurlaritzari Zumarragako lantegia behin betiko itxi ez dezaten.
"Tentsioari alor guztietan eusteko unea iritsi da, egoera iraultzen saiatzeko. Lantegia bideragarria da, baina taldeak ez du bertan inbertsiorik egin nahi. Zukutu eta hiltzen utzi du", salatu du.