Ekonomia -
MANIFESTAZIOA, BILBON
'Babes zabala' jaso du larunbat honetan deitutako manifestazioak
ELA, LAB, CCOO eta UGTk manifestazio bateratua deitu dute apirilaren 23rako Bilbon, euskal industriaren defentsan, eta azkenaldian euskal industrian iragarri dituzten itxieren eta kaleratzeen kontra.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Gure industriaren defentsan. Industria politika erreal baten alde' lelopean bihar Bilbon egingo den manifestazioak euskal industriaren "babes zabala" jaso duela esan dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatu deitzaileek.
Agiri banatan jakitera eman dutenez, ehunka enpresatako batzordeek bat egin dute deialdiarekin, euskal industriaren defentsan eta azkenaldian euskal industrian iragarri dituzten itxieren eta kaleratzeen kontra. Besteak beste, ondorengo enpresen babesa jaso dute: Mercedes Benz, Aernnova, Gerdau, CAF, Arcelor Mittal Zumarraga, Arcelor Mittal Sestao, Bellota, Bridgestone, Tubacex, Vidrala, CIE, Michelin, Olarra, Petronor, Gestamp, Mecanicas Mallabia, Vicinay, Negarra, Cegasa eta Condesa.
ELAren hitzetan, industriaren etorkizunaren inguruan langileek duten kezka agerian uzten du azken asteotan jasotako babesak. Inoiz baino garrantzitsuagoa da, sindikatuaren esanetan, azkenaldian iragarritako itxierei eta murrizketei erantzun bateratua ematea. Biharkoa industria jasangarri baten aldeko eta enplegu duinen aldeko oihua izango dela gaineratu du ELAk.
LABek ere biharko protestan parte hartzeko deia egin du, "industria politika erreal baten alde". Euskal Herriko enpresen inguruko erabakiak inbertsio.funtsetan eta multinazionaletan ari dira hartzen, enpresa horietako akziodunen mesedetan, LABen arabera. "Geroz eta euskal enpresa gehiago daude multinazionalen eta inbertsio-fondoen esku", salatu du LABek.
Sindikatu abertzalearen iritzian, itxierak iragartzen direnean ez du balio erakundeak "atsekabetuta" agertzeak, itxiera eta murrizketa horiei aurre egiteko politikak eta erabakiak aurrez ezarri ez badira. Inbertsio eta berrikuntza estrategiak eskatu ditu LABek, kualifikazioaren eta langileen egonkortasunaren alde egiten dutenak. "Inbertitzaileen interesen gainetik, interes kolektiboa jarri behar da", horren arabera.
CCOOk ildo beretik hitz egin du. Biharko manifestazioak euskal gizartearen babes sendoa jasoko duela nabarmendu du, eta politika egiterakoan erakundeek hori kontuan hartu beharko luketela. Enpresa handientzat eta txikientzat "industria politika erreala" eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari CCOOk.
UGTk ere euskal industriaren aldeko aldarri bateratua kalera ateratzeko ordua dela iritzi dio. Horretarako, biharko martxan parte hartzeko deia egin die herritarrei.