Ekonomia -

Protesta

Giza katea Zumarraga eta Urretxu artean, Arcelorren itxieraren aurka

Bestalde, Arcelor Mittaleko zuzendaritzak berretsi egin du beharginen lekualdatzeak soilik negozia ditzakeela eta lantegia irekita mantentzea ezinezkoa dela.

Ehunka lagunek hartu dute parte giza-katean. Argazkia: AM Zumarraga Ez Itxi @zumarragaezitxi
Ehunka lagunek hartu dute parte giza-katean. Argazkia: AM Zumarraga Ez Itxi @zumarragaezitxi
Giza katea Zumarragan eta Urretxun, langileen alde

1:33

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza katea osatu dute gaur Zumarraga eta Urretxu artean Arcelor Mittalek Zumarragan duen lantegiaren itxieraren kontra. Babes zabala izan du enpresa-batzordeak deitutako protestak, eta ehunka lagunek parte hartu dute.

Gaurko deituta zegoen greba orokorra bertan behera geratu den arren, bi herrietako hainbat denda itxita egon dira, eta eskola eta ikastoletan lanuzteak egin dituzte.

Adolfo Sastre UGT sindikatuak enpresa-batzordean duen ordezkariaren hitzetan, langileak "oso pozik daude" herritarrek deialdiari emandako babesagatik. "Herri guztiak" egin du giza katearekin bat, nabarmendu du.

Mikel Serrano Zumarragako alkateak ere lantegia ez ixteko eskatu du, eta langileei elkartasuna erakutsi die.

Beharginen lekualdatzeak soilik negozia ditzakeela dio zuzendaritzak

Bitartean, Arcelor Mittaleko zuzendaritza eta enpresa-batzordea berriro bildu dira asteazken honetan, baina euren jarrerei eutsi die: langileek Zumarragako lantegiko jarduera mantentzea ahalbidetuko duen industria-plana exijitzen dute;  zuzendaritzak, berriz, beharginen lekualdatzeak soilik negozia ditzakeela dio.

Gaurko bilera inolako aurrerapausorik izan ez denez, bi aldeak ostiralean, 10:00etan, batzartuko dira berriro. Egun horretan amaituko da kontsultetarako epea.

Enpresako iturriek jakinarazi dutenez, zuzendaritza prest egongo litzateke kontsultak egiteko epea luzatzeko, beharginak beste enpresa batzuetara eramateaz negoziatzeko bada; izan ere, enpresak berretsi egin du lantegia behin betiko ixteko asmoa, “urtero 20 milioi euroko galerak eragiten dituelako”.

Horrenbestez, fabrikaren jarduera mantentzeari buruz eztabaidatzea “ezinezkoa” dela esan du.

Kontsultetarako epea akordiorik gabe amaituz gero, kaltetutako beharginen zuzendaritzak esandako enpresetara joateari uko egin baliote, kontratuak etengo dizkiete eta lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko indemnizazioa jasoko dute.

Bestalde, sindikatuek berriro salatu dute Zumarragako lantegia ixteko erabakia eta iragarri dute ostegun honetan asanblada egingo dutela mobilizazio gehiago adosteko.

Era berean, kontsulten epea luzatzeko borondatea agertu dute, izan ere, enpresak Zumarragako lantegia ixteko argudio gisa erabili duen txosten ekonomikoa sakonki aztertzeko denbora gehiago behar dute.

Mikel Serrano: 'Aukera bat'

Eusko Jaurlaritzak proposatutako planari aukera bat emateko eskatu dio Mikel Serrano Zumarragako alkateak Arcelor Mittaleko zuzendaritzari. Langileak birkokatzeko duen asmoa atzera botatzeko ere eskatu dio.

Langileek deitutako giza-katean parte hartu ondoren, hedabideen aurrean egin dituen adierazpenetan, Serranok adierazi du inbertsio-plan egoki batekin Zumarragako planta bideragarria izan daitekeela. "Beharrezko inbertsioak egiten badira, lantegia lehiakorra izango da eta itxiera ez da beharrezkoa izango",  zehaztu du.

"Zumarragako planta bizirik eustearen aldeko apustua egin dezala eskatzen diot zuzendaritzarik, langile guztiak hemen geratzeko aukera izan dezaten, oraingo baldintzetan", gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Zumarraga Gaurko azken ordukoa Metalgintza albisteak Urretxu