Ekonomia -

Zumarragako Arcelorren itxiera

Eskatutako informazioa helarazi die Arcelor Mittalek langileei

Hala ere, bi aldeek euren jarrerei eusten diete: beharginek lantegiaren bideragarritasun plana diseinatzea exijitzen dute; zuzendaritzak langileen lekualdatzea soilik negoziatu nahi du.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Arcelorreko zuzendaritzak sindikatuek eskatutako informazioa eman die

1:11

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arcelor Mittalen zuzendaritzak Zumarragako lantegiko beharginen ordezkariei eskatutako informazioa eman die ostiral honetan egindako bileran. Zuzendaritzak lantegiaren itxiera justifikatzeko erabili duen txosten ekonomikoa oso-osorik aztertu nahi du enpresa-batzordeak.

Zuzendaritzaren eta enpresa-batzordearen iturriek baieztatu dutenez, gaurko bileran ez da negoziaziorik izan eta bi aldeek euren jarrerei eutsi diete.

Enpresak bere planarekin aurrera jarraitzen du eta Zumarragako fabrikako jarduera datorren asteartean geldituko du. Langileek ordezkariek, berriz, lantegiaren funtzionamendua bermatuko duen plan industriala diseinatzea exijitzen dute.

Arcelor Mittaleko zuzendaritzatik adierazi dute ez daudela behartuta enpresa-batzordeak eskatutako informazio ematera, baina “keinu honekin negoziazio prozesua ahalbidetu nahi dugu”.

Hurrengo bilera asteazkenean

Leo Bote enpresa-batzordearen presidenteak azaldu duenez, orain sindikatu bakoitzak bere aldetik aztertuko du gaur jasotako informazioa; beraz, hurrengo bilera astelehenetik asteazkenera atzeratzea adostu dute bi aldeek.

Horrez gain, Botek azaldu du negoziazioan “erabakitzeko ahalmena” izango duen Arcelor Mittaleko zuzendariren bat egotea eskatu dutela.

Bitartean, langile ordezkariek berean jarraitzen dute, hau da, Zumarragako fabrikako lanpostu guztiak mantentzea eta fabrika bideragarri egingo duen industria plana lantzea. Enpresak, ordea, langileak beste lantoki batzuetara eramatea negoziatu nahi du soilik.

Arcelor Mittalen asmoa da Zumarragako fabrikan txatarrerako parkea bakarrik mantentzea, eta hor zortzi beharginek egiten dute lan. Zumarragako lantegian 350 langile daude.

Zumarragako 268 langile Asturiaseko plantara eramatea proposatzen du zuzendaritzak; beste 50 Euskal Herriko lantegietara eramango lituzkete; eta gainerakoei erretiroa aurreratzea planteatu du.

Mobilizazioak

Bestalde, mobilizazioen egutegian aldaketa batzuk egin dituzte langileek. Hilaren 20rako greba orokorra deitu behar zuten eskualdean, baina fabrikako jarduera bezperan geldituko dutenez, lanuztea bertan behera uztea erabaki dute, egun horretan lanik egongo ez delako.

Gauzak horrela, apirilaren 20an giza katea eta elkarretaratzea egingo dituzte, laugarren bileraren aurretik. Batzarra Zumarragako lantegian izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Lana Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Zumarraga argazkiak Gaurko azken orduko albistea Burdingintza