Ekonomia -

Zuzendaritzaren erabakia

Zumarragako Arcelor lantegiaren itxiera hasi dute gauean

Langileak 24 orduko lanuztea egiten ari dira astearte honetan. Olaberriako eta Bergarako lankideak ere lau orduko lanuztea egiten ari dira, 12:00etatik 16:00etara.

Arcelorren langileak, Zumarragako fabrikan. Argazkia: EFE
Arcelorren langileak, Zumarragako fabrikan. Argazkia: EFE
Bergarako eta Olaberriko Arcelorreko langileen karabana

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ArcelorMittal konpainiaren Zumarragako lantegiaren itxiera prozesua martxan da; izan ere, gauean hasi dira labea ixten eta datorren astean itxiko dute laminazio trena.

Laminazio trena “gutxi gorabehera astebete gehiago” egongo da martxan, ondoren amaitutako produktuari irteera emateko beste egunen bat beharrezkoa izango da, jakinarazi dute Indiako multinazionalaren iturriek.

Hala, iragarpenen arabera, lantegia datorren astearen amaieran itxiko dute, eta txatarra parkea bakarrik geratuko da zabalik. Bertan zortzi beharginek lan egingo dute, enpresaren proposamenaren arabera.

24 orduko lanuztea

Mobilizazioei dagokienez, beharginak 24 orduko lanuztea egiten ari dira astearte honetan. Leo Bote enpresa-batzordeko presidenteak Radio Euskadin jakitera eman duenez, Olaberriako eta Bergarako lankideek ere lau orduko lanuztea egiten ari dira gaur, 12:00etatik 16:00etara.

Bi lantegi horietako beharginak auto-ilaran joano dira Zumarragako lantegira arte, bertako langileen elkarretaratzearekin bat egiteko, 13:00etatik 15:00etara. Gainera, 18:00etan manifestazioa egingo dute, Urretxutik abiatuta.

Asteazkenean dute bigarren bilera zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak, baina, gauzak dauden bezala, gehiago ematen du langileen egoeraz eta beste lanpostu bat emateaz hitz egiteko izango dela. Hala, asteazkenean berriz bilduko dira 15:30ean, eta ostiralean 11:00etan.

“Inbertsioekin lantegia errentagarria” izan daitekeela esan dute beharginek behin eta berriro. Multinazionalaren ustez, aldiz, "ezinezkoa" da Zumarragako fabrika lehiakorra izatea. Horregatik, langile gehienak Asturiasen dituen lantegietara eramatea planteatu du konpainiak, eta gainerako beharginei EAEko fabriketan lanpostu berri bat ematea.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin ere bilera egitekoa du zuzendaritzak, baina ez dute noiz bilduko diren zehaztu, batzarra diskrezioz egin nahi dutelako. Erakundeek langileekin batera egindako agiria aurkeztuko dio Exekutiboak zuzendaritzari, lantegia zabalik jarraitzea posible dela konbentzitzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Albisteak Gipuzkoa Grebak albisteak Albisteak multinazionalak Lana albisteak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Zumarraga argazkiak Gaurko azken ordukoa Metalgintza Goierri azken ordukoa