Ekonomia -
Arcelor Mittal
Arcelorreko batzordearen eta zuzendaritzaren bilera, bertan behera
Laneko Gatazkak Ebazteko Donostiako egoitzan egin nahi zuen bilera zuzendaritzak; sindikatuetako ordezkariek, aldiz, batzarra Zumarragako lantegian egin nahi zuten.
Agentziak | Erredakzioa
Laneko Gatazkak Ebazteko Donostiako egoitzara ez dela joango iragarri du Arcelor Mittal Zumarragako (Gipuzkoa) enpresa-batzordeak eta Zuzendaritzarekin egitekoa zuen bilera bertan behera geratu da. Zuzendaritzak bilera deitua zuen bertan, baina langileen ordezkariek Zumarragako lantegian egitea nahi zuten.
Negoziazio mahaia biltzekoa zen gaur, baina aldeek aurreneko desadostasuna bilera hasi baino lehen izan dute. Batzarra egiteko tokia adosteko arazoak izan dituzte, eta horrek eragin du bilera bertan behera geratzea.
Bilera gaur 11:00etan egiteko proposamena luzatu zien enpresak langileen ordezkariei.
Zuzendaritzak bilera Donostian egin nahi duela azaldu dute sindikatuetako ordezkariek; baina horiek batzarra Zumarragako lantegian egin nahi zuten, bi aldeen arteko bilerak bertan egin "ohi" izan dituztelako.
Beste bilera bat
Gaurkoak porrot egin ostean, asteazkenean beste bilera bat deitu du Arcelorren zuzendaritzak. Berriro ere Donostian, Lan Gatazkak Ebazteko egoitzan. Langileen ordezkariek dagoeneko iragarri dute ez direla bertaratuko, negoziazioa Zumarragako fabrikan egin beharko litzatekeela ulertuta.
Enpresa-batzordeak berretsi egin du negoziazioa fabrikan egitearen aldekoa dla eta hala adierazi dio zuzendaritzari. Alabaina, ostiralean Lan Gatazkak Ebazteko bulegoan biltzeko aukera ere ireki dute.
“Konbentzituta gaude bilerak kaltetutako lantegian egin behar direla” eta, beraz, “zuzendaritzari eskatzen diogu langileen ordezkariekin Zumarragako plantan biltzeko”, dio enpresa-batzordeak ohar batean.
Hala ere, “gure proposamena errefusatuz gero, Lan Gatazkak Ebazteko egoitzan biltzeko deia luzatzen dizuegu, datorren ostiralean, apirilaren 1ean, 12:30ean”, erantsi dute.
Mobilizazioak
Eguerdian, elkarretaratzea egin dute lantegiaren aurrealdean, ‘Arcelor ez itxi’ lelopean. Beharginekin batera haien senideak eta Zumarragako eta Urretxuko bizilagunak izan dira. Lantegi horren itxierak “eskualde guztian” izango lukeela eragina ohartarazi dute berriz.
Astearteetako elkarretaratzeaz gain, ostiral honetarako 24 orduko lanuztea deitu dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean bilkura egingo dute.
Goizean asanblada egingo dute, mobilizazio berriak erabakitzeko.
325 beharginei beste lanpostu bat ematea
Bileran, itxiera eta lantegiko 325 beharginei beste lanpostu bat emateko proposamena luzatuko omen zieten konpainiako zuzendariek enpresa-batzordeari.
ArcelorMittalek “itxiera partzialaren” xehetasunak ez ditu orain arte zehaztu. Zentzu horretan, langileekin negoziazio prozesua bukatu bitartean, itxiera nola gauzatuko den zehazterik ez dagoela argudiatu du zuzendaritzak.
Bestalde, duela bi aste iragarritako neurria atzera botatzeko eskatu dio enpresa-batzordeak zuzendaritzari, hau da, itxiera partziala bertan behera uztea, zuzendarien jarrera negoziatzailea “fede onekoa” dela azaltzeko.