Ekonomia -
Euskal industria
Euskal industriarentzako larrialdi plana aurkeztu du EH Bilduk
Urtero 800 milioi euroko aurrekontua izango lukeen industria funtsa sortzea proposatzen du koalizioak, Jaurlaritzak, hiru diputazioek eta euskal kutxek finantzatua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduk euskal industria "salbatzeko" larrialdi plana aurkeztu du gaur, eta egitasmo horren baitan "arrisku egoeran" dauden enpresak salbatzeko eta enpresak sustatzeko edota birmoldatzeko funtsa sortzea proposatu du.
Hasier Arraiz eta Oihane Zabaleta EH Bilduko kideek egitasmoaren nondik norakoak aurkeztu dituzte Donostian egindako prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, laster aurkeztuko dute proposamena Eusko Legebiltzarrean eta erakundeen, gizarte eragileen eta eragile politiko zein ekonomikoen ekarpenak jasotzeko prest agertu dira. Gaineratu dutenez, euskal industria salbatzeko herrialde ituna adostea da koalizioaren helburua.
Arrisku egoeran dauden enpresak salbatzea eta industria sektorea bultzatzeko eta birmoldatzeko neurriak hartzea helburu duen planaren nondik norakoak aletu ditu Arraizek. Hiru puntu ditu aipaturiko larrialdi planak.
Lehenik, industriarako inbertsio funtsa sortzea proposatu du EH Bilduk, urtero 800 milioi euroko aurrekontua izango lukeena. Arraizek adierazi duenez, erakunde publikoek finantzatuko lukete funtsaren % 60a (Eusko Jaurlaritza + hiru foru diputazioak) eta sektore pribatuak, ostera, gainerako % 40a. Are gehiago, Arraizen esanetan, euskal kutxei dirua jartzea dagokie "euskal industria sarea" bultzatzeko.
Bigarrenik, ikerketa eta garapenerako gizarte akordio handi bat lortzea proposatu du. Ildo horretan, datozen bost urteotan eta "modu progresiboan" Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren %3a I+G+B alorrera (Ikerketa, Garapena, Berrikuntza) bideratzea iradoki du.
Hirugarrenik, industria sektorea energia eraginkortasun estrategietara egokitzeko plana ere proposatu du.