Ekonomia -
MANIFESTAZIOA
Milaka lagunek ArcelorMittaleko langileei babesa eman diete Zumarragan
12:00etan abiatu da martxa, Areizaga-Kalebarren plazatik,'Industria politika baten alde. Arcelor ez itxi' lelopean.
Maider Beistegi | EITB.EUS
Milaka lagunek hartu dituzte Zumarragako eta Urretxuko kaleak gaur 'Industria politika baten alde. Arcelor ez itxi' lelopean. 12:00etan abiatu da martxa Areizaga-Kalebarren plazatik, lantegiaren itxiera partziala salatzeko. Hain justu, Zumarragako lantegiaren zati bat itxi nahi du zuzendaritzak; 300 bat langile Asturiasera eraman nahi ditu eta 50 Nafarroa, Olaberria edo Etxebarrira.
Urola Garaia osatzen duten lau herrietako (Zumarraga, Urretxu, Legazpi eta Ezkio Itsaso) ordezkaritza zabala bertaratu da manifestaziora, langileei babesa adieraztera. Hainbat ordezkari politiko eta sindikal ere bertan izan dira: Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Xabier Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduren bozeramailea, Odon Elorza sozialista, Denis Itxaso eta Marisol Garmendia diputatu sozlialistak, Ainhoa Aizpurua Sustapen Ekonomikorako diputatu jeltzalea eta Zumarragako alkatea, Mikel Serrano, besteak beste.
Arcelorreko Olaberria eta Bergarako lantegiko hainbat langilek ere martxan hartu dute parte, eta baita Sestaoko ACBkoak ere.
Zumarragako alkateak dei egin du guztien artean indarrak batu eta herriko lantokiko langileei babesa eta atxikimendua adierazteko.
Enpresa batzordetik, bestetik, protestak egiten jarraituko dutela berretsi dute, eta egoera hobetzeko itxaropena adierazi dute. Horren ildoan, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Diputazioari dei egin diete eurekin batzar daitzen orain arte egin dituzten adierazpenak “desegokiak” izan direla iritzita.
Ibilbidearen amaieran, Leo Bote enpresa batzordeko presidenteak agiri bat irakurri du langileen izenean. Bertan multinazional indiarrak hobekuntzetan inbertsiorik egin ez duela eta horren ondorioz behin betiko itxiera ekar dezakeen “itxiera partziala” etorri dela salatu dute.
Erakunde publikoetatik entzundako zenbait adierazpenen aurrean haserre daudela adierazi dute langileek, "egoera benetan ezagutu gabe egin direlako, beldurra eta gizartean alarma sortuz".
Horren ildoan, Jaurlaritzari dei egin diote "goiko arduradun bat langileen ordezkaritza batekin biltzeko".
Langileak "lehentasuna" direla esan du Gipuzkoako Diputazioak
Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomikorako diputatuak adierazi duenez, ArcelorMittaleko langileak dira lehentasuna nagusia eta, horregatik, "lantegiaren itxiera ekiditeko elkarrekin lan egitearen alde" azaldu da.
Enpresari erantzukizunez jokatzeko eskatu dio, eta Urola Garaiaren industrializazioarekin konpromisoa hartzeko. Diputatu jeltzaleak gogoratu duenez, Gipuzkoako Diputazioak, Jaurlaritzak eta eskualdeko udalek "estregia komuna landu zuten arazoari aurre egiteko eta ordutik irtenbide bila ari dira".
Altzairuaren krisiaren aurrean Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du Denis Itxasok (PSE)
Denis Itxaso diputatuak Jaurlaritzak altzairuaren krisiari aurre egiteko duen jarrera kritikatu du eta erakundeari esan dio afera hau "euskal agendan" sar dezan.
"Egia da altzairuaren krisia globala dela, baina ezin daiteke esan Jaurlaritzak ezer gutxi egin dezakeela, horrek esan nahi duelako euskal exekutiboak ezer gutxirako balio duela".
Mobilizazioak
Joan den ostiralean onartu zuen langileen batzordeak 351 lanpostuen defentsan mobilizazio egutegia martxan jartzea eta egingo dituzten protesten lehena izan da gaurkoa. Enpresa batzordeak aho batez onartu zuen ostegunean mobilizazio egutegia; 275 botoetatik 247 aldeko bozka jasota.
Gaurko manifestazioaren ondoren, autoen karabana egingo dute langileek Zumarragatik aterata, Bergarako eta Olaberriako lantegietatik igarota. Datorren asteazkenean 24 orduko lanuztea egingo dute eta elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean. Datorren larunbatean, hilak 26, elkarretaratzea egingo dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, Gipuzkoa plazan.
24 orduko greba
Asteazkenean (hilak 23), 06:00etan, 24 orduko greba abiatuko dute, eta langileak Gasteizera joango dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean protesta egiteko.
Bereziki, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen hitzak gaitzetsi nahi dituzte langileek, Zumarragako lantegiaren itxierak Sestaokoari "arnasa" emango diola adierazi baitzuen.
Halaber, astelehenean ibilgailu-karabana bat egingo dute Zumarragan, eta hilaren 26an (larunbata) elkarretaratzea Donostian, foru jauregian, ahaldun nagusiari gatazkan "esku-hartzea" eskatzeko.
Langileek beste batzar bat egin asmo dute, mobilizazio gehiago deitzea aztertzeko.
LABetik baieztatu dutenez, enpresa batzordeak ez du lekualdaketarik negoziatuko zuzendaritzarekin, lantegia Zumarragan mantentzea defendatuko duelako.