Ekonomia -

ZUMARRAGA

ArcelorMittaleko langileek mobilizazioei ekingo diete larunbatean

Besteak beste, 24 orduko greba egun bat ere deitu dute hurrengo asterako. Bestalde, Zumarragako alkateak herriarekiko leialtasuna eskatu die Urkullu lehendakariari eta Markel Olano ahaldun nagusiari.

ArcelorMittalek Zumarragan duen lantegiko langile talde bat, atzo.
Zumarragako langileek tinko jarraitzen diote ixtearen aurkako jarreran

1:09

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zumarragako ArcelorMittaleko langileek mobilizazioei ekingo diete larunbatean, lantegiaren itxiera partziala salatzeko. Egun horretan, manifestazioa egingo dute.

Langileek batzarra egin dute gaur, eta enpresa batzordeko sindikatu guztiek (CCOO, ELA, LAB eta UGT) protesta egutegia adostu dute.

Hori horrela, asteazkenean (hilak 23), 06:00etan, 24 orduko greba abiatuko dute, eta langileak Gasteizera joango dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean protesta egiteko.

Bereziki, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen hitzak gaitzetsi nahi dituzte langileek, Zumarragako lantegiaren itxierak Sestaokoari "arnasa" emango diola adierazi baitzuen.

Halaber, astelehenean ibilgailu-karabana bat egingo dute Zumarragan, eta hilaren 26an (larunbata) elkarretaratzea Donostian, foru jauregian, ahaldun nagusiari gatazkan "esku-hartzea" eskatzeko.

Langileek beste batzar bat egin asmo dute, mobilizazio gehiago deitzea aztertzeko.

LABetik baieztatu dutenez, enpresa batzordeak ez du lekualdaketarik negoziatuko zuzendaritzarekin, lantegia Zumarragan mantentzea defendatuko duelako.

Zuzendaritzaren proposamenari, uko

Enpresa-batzordeak bere gaitzespena agertu du multinazionalak plazaratutako proposamenari. "Industria-plan bat eta lantegiaren jarraipena negoziatzera eser gaitezke baina ez gara eseriko 350 leku-aldatze negoziatzeko, eurak esan duten bezala. Zumarragan lan-karga egotea eta guztion artean lantegia nola egin dezakegun bideragarri aztertzea nahi dugu", adierazi du batzordeko UGTko ordezkari batek.

Lantegiko zuzendaritzarekin izango dituzten hurrengo kontaktuei buruz, enpresa-batzordeak oraindik ez dauka hitzordu bat zehazturik, eta uste du kontsulten epea luzatu egin daitekeela. "Printzipioz datorren asteari begira batzarren bat egon zitekeela esan ziguten, baina lan-egunak ez dira asko Aste Santua tartean izaki, eta ziurrenik horren ostean izango da", azaldu du.

"Leialtasun" eskaera

Mikel Serrano Zumarragako alkateak (PSE-EE) Iñigo Urkullu lehendakariari eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari (biak EAJ alderdikoak) Zumarragarekiko leialak izatea eskatu die.

Ohar baten bidez, Serranok eskatu die beren indarrak ez ditzatela bideratu ArcelorMittalen Gipuzkoako gainerako lantegien eta Sestaon duenaren biziraupenean "Zumarragakoaren lepotik".

"Ahalegin guztiak"

Zumarragako, Urretxuko, Legazpiko eta Ezkio-Itsasoko alkateek bat egin dute  ArcelorMittalen plantaren itxiera partziala dela eta egindako deklarazioarekin; bertan, "ahalegin guztiak" egiteko eskatu dio enpresari.

Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Lon Loqui Urretxukoak, Garikoitz Aiesta Ezkio-Itsasokoak eta Koldobike Olabide Legazpikoak irakurri dute adostutako testua, elkarrekin egindako agerraldi batean.

Alkateek, era berean, "erabateko babesa" helarazi diete langileei enpresak egindako erabakiagatik, baita inguruan dabiltzan enpresei "une zail hauetan".

Azkenik, dei egin diete herritarrei langileek iragarritako mobilizazio "guztietan" parte hartzeko, "ArcelorMittal Zumarragako enplegua" defendatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Ekonomia Eguneko albisteak Zumarraga albisteak Eguneko albisteak