Ekonomia -

Arcelor Mittal

Sestaoko altzairu-fabrika gelditu dute gauerdian

Konkretuki, labea, galda eta ijezketa trena gauerdian gelditu dituzte. Desugerketa lineak, ostera, lanean jarraituko du egun batzuk gehiago.

Arcelor Mittaleko altzairu-fabrika Sestaon (Bizkaia). Artxiboko irudia: EiTB
Arcelor Mittaleko altzairu-fabrika Sestaon (Bizkaia). Artxiboko irudia: EiTB
Sestaoko altzairu-fabrikaren geldialdia hasi da

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko altzairu-fabrikaren (ACB) ekoizpena gauerdian eten dute Sestaon, eta etorkizuna ez dago batere argi, Radio Euskadik jakitera eman duenez. Lantegia 10:00ak aldera itxi dute.

335 langile zuzenean lanik gabe geratu dira, baina indarrean gaur sartu den espedienteak beste ehunka langileri eragingo die zeharka, asko baitira Bizkaiko Ezkerraldean euren jardueraren iturri gisa ACBren ekoizpena dutenak.

Aldi baterako itxialdi mugagabea iragarri zuen Arcelor Mittal konpainiak Sestaoko lantegian. Konkretuki, labea, galda eta ijezketa trena gelditu dituzte.

Desugerketa lineak, aldiz, berotan ijeztutako bobinen stockarekin lanean jarraituko du egun batzuk gehiago. Horrek funtzionatzeari uzten dionean, lantegia guztiz geldituko da, baina ez dute horretarako data zehatzik eman.

Enpresaren hitzetan, sektoreak zailtasunak ditu, besteak beste, Txinako altzairuaren ‘dumping’-agatik eta energiaren kostuagatik.

Bestalde, Arcelor Mittalen jarduera berreskuratzeko eta Sestaoko lantegia zabalik mantentzeko eskatuz, adierazpen instituzionala onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Horretarako, gizarte eragile eta erakunde guztiekin batera hartu beharreko neurriak adostea aldarrikatu du Gasteizko Ganberak, batez ere langileen ordezkariak kontuan hartuz.

Mobilizazioak

Arcelor Mittal Sestaoko enpresa batzordeak, bere aldetik, mobilizazio gehiago iragarri ditu, Sestaoko plantak bere jarduna eten ondoren. Juan Carlos Diaz (CC.OO.) enpresa batzordeko presidentearen hitzetan, "aldi baterako jarduna bertan behera utzi arren, enpresak badu etorkizuna".

Geldialdiak zenbat iraungo duen eta aurrera begirako plana zein den langileei jakinarazteko eskatu dio Diazek zuzendaritzari.  "SMS bidez jaso dugu geldialdiaren berri", salatu du langileen ordezkariak.

Enpresa batzordeak bilera bat eskatu dio zuzendaritzari, datorren asterako. Arcelor Mittalen Giza Baliabideen Espainiako arduraduna hitzorduan egotea exijitu dute, besteak beste, langileek.

Enpresaren atarian egingo dituzte elkarretaratzeez gain, otsailaren 8an protesta-bilkura deitu dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean, 11:00etan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Sestao argazkiak Bizkaiko albisteak Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Eguneko albisteak Burdingintza