Ekonomia -
Balizko erosketa
Gamesa goraka Burtsan, Siemensek erosiko duen zurrumurruen ondotik
Euskal konpainiak azaldu duenez, gaur-gaurkoz "ez da inongo erabakirik hartu". Akzioak % 15,75 igo dira.
Gamesa euskal konpainia da gaur errege Espainiako burtsan. Horren akzioak 17,47 euroan salerosi dira goizaren une batean, Siemens multinazionalak haize-sorgailuen fabrikatzailea erosteko negoziazioei ekin diela zabaldu ostean.
El Confidencial egunkariak eman du albistea. Horren arabera, Siemens Iberdrolarekin, Gamesaren akziodun nagusiarekin, hitz egiten hasi da euskal konpainia erosi eta sektore eolikoan enpresa handi bat sortzeko asmoarekin.
Siemensek eta Iberdrolak ez dituzte negoziazioak baieztatu nahi izan, "merkatuko zurrumurruak" direla argudiatuta. Gamesak Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeari bidalitako oharrean azpimarratu duenez, gaur-gaurkoz "ez du inongo erabakirik hartu", baina sortzen diren "aukera estrategikoak aztertu" ohi dituela nabarmendu du.
Gaurko saioaren lehen 25 minutuetan kotizatu gabe izan da Gamesa. Ondoren, gorako joera hartu dute akzioek, eta lehen minutuetan % 13 igo dira. 12:30eko kotizazioan, 16,65 euroan zeuden akzioak (% 15,65eko igoera), baina 17 euro eta erdira ere iritsi dira.