Ekonomia -
BARNE PRODUKTU GORDINA
% 3,2 hazi zen Espainiako ekonomia 2015ean
Estatistika Institutu Nazionalak gaur emandako datuak bat datoz Espainiako Bankuan joan den hilean emandakoekin. Kontsumoaren gorakadaren ondorio da hazkundea, bi erakundeon aburuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako ekonomiak % 0,8 egin zuen gora 2015eko azken hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoak utzitako datuekin alderatuta. Hala, 2015a % 3,2ko hazkundearekin itxi zen Espainian, Estatistika Institutu Nazionalak gaur aurreratutako datuen arabera.
2014ko datuekin alderatuta, % 1,8 puntu hazi zen iaz Barne Produktu Gordina. Espainiako Gobernuak % 3,3ko hazkundea iragarri zuen 2015erako; aurreikusitakoa baino hamarren bat gutxiago igo zen, beraz.
Iazko azken hiruhilekoan jasotako Barne Produktu Gordinaren urte arteko hazkunde tasa % 3,5ekoa dela esan du Estatistika Institutuak.
Espainiako Bankuak joan den hilean emandako datuekin bat datoz INEk gaur emandakoak: petrolioaren jaitsierak eta enplegu berrien sorrerak familien kontsumoa areagotzea eragin du eta horren ondorio da hazkundea, bi erakundeon aburuz.
2016rako iragarritako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren murrizketak eta langile publikoei 2012an kendutako aparteko ordainsariaren zati bat itzuli izanak ere eragina izan zuen ekonomiaren hazkundean, Estatistika Institutuaren hitzetan.