Ekonomia -
Sestaoko lantegia
Sestaoko alkatea: 'Oraindik badago Arcelor ez ixteko aukera'
Josu Bergararen iritziz, Europar Batasunari dagokio itxiera eragozteko neurriak hartzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Josu Bergara Sestaoko alkatearen esanetan, oraindik ere bada aukerarik Arcelor Mittal enpresaren Sestaoko lantegiaren behin-behineko itxiera behin betikoa izan ez dadin. Ildo horretan, "Europar Batasunari dagokio itxiera hori saihesteko neurriak hartzea", azpimarratu du.
Sestaoko alkateak zehaztu duenez, altzairu lantegia "lehiakorra" da, besteak beste, "modernoa" delako eta gizatalde "oso ona" duelako. Dena den, horren hitzetan, altzairugintza ez dago bere onenean, batez ere, Txinaren konpetentziagatik eta elektrizitateak Espainian duen kostuarengatik.
Bergararen esanetan, oraindik badago Arcelor behin betiko ez ixteko aukera, baina Euskadiko altzairu sektoreari laguntzeko neurriak Europako erakundeek hartu behar dituztela uste du. "Ez dago Sestaoren edota Ezkerraldearen esku, Europaren esku baizik", gaineratu du.
Ildo horretan, Iñigo Urkullu lehendakaria Bruselara joango da asteazkenean eta hainbat komisario europarrekin elkartuko da. Bilera horietan, hainbat gai izango dituzte hizpide; euskal altzairugintza sektorearen eta, bereziki, Arcelor Mittalen Sestaoko lantegiaren egoera, besteak beste.
Bilera horien emaitzaren "zain" egon behar dela nabarmendu du Bergarak.
Sestaoko alkatea Eusko Legebiltzarrean izango da goizean, egoera sozioekonomikoari buruzko lantaldean parte hartzeko. Ezkerraldearen, Meatzaldearen eta Oarsoaldearen egoera aztertuko dute aipaturiko lantaldean.