Ekonomia -
Arcelor Mittalen erabakia
ACBren itxiera 'berri txarra' dela adierazi du Sestaoko Udalak
Arcelor Mittalek Josu Bergara alkateari deitu dio, erabakiaren berri emateko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sestaoko Udalak adierazi du "berri txarra" dela Arcelor Mittalek Sestaoko lantegia "aldi baterako" ixtea.
Nolanahi ere, "zehaztasun gehiago" ezagutu nahi dituztela gaineratu du.
Europa Press agentziak azaldu duenez, konpainiak Josu Bergara alkateari deitu dio, erabakia langileei jakinarazi baino lehenago, itxieraz informatzeko.
Arcelor Mittalen zuzendaritzak iragarri du Sestaon duen lantegia (Aceria Compacta de Bizkaia) behin-behinean itxi egingo duela, altzairuaren merkatuak bizi duen egoera txarragatik. Otsailean geldituko dute fabrika eta ez dute argitu noiz arte egongo den itxita. Erabakiak 335 langileri eragingo die.
Aldundiaren eta Jaurlaritzaren erreakzioa
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak "erabat kezka" agertu du eta premiazko bilera eskatu dio Arcelor Mitallen zuzendaritzari, erabaki horren xehetasunak ezagutzeko eta beharginak ze baldintzatan geratuko diren jakiteko.
Dagoeneko konpainiarekin harremanetan jarri dira batzarraren data zehazteko asmoz.
Eusko Jaurlaritzak, berriz, altzairuaren sektorea bizi duen krisialdia “mundu mailakoa” dela azpimarratu du eta Ekonomiaren Garapenerako eta Lehiakortasunerako Saila egoera honi erantzuteko neurriak aztertzen ari dela jakinarazi du.